Lagun Onakek autobusa jarri du larunbatean Torrelavegara joateko

Urola Kostako Hitza 2009ko mai. 19a, 19:05

Bigarren B Mailarako igoerarako kanporaketako partida larunbatean jokatuko dute, 19:00etan

Zaletuen autobusa 15:00etan irtengo da anbulatorio aurretik, baina aurrez izena eman behar da Garmendipen; txartela sei euro kostako da

Lagun Onak Futbol Klubak zaletuentzako autobusa antolatu du, Espainiako Bigarren B Mailarako igoera faseko kanporaketako lehen partida ikustera joateko. Lagun Onakek Gimnastica Torrelavegaren (Kantabria, Espainia) aurka jokatuko du lehen kanporaketa. Joaneko partida larunbatean du, 19:00etan, Torrelavegako Malecon futbol zelaian.

Futbol partida ikustera joan nahi duten zaletuek autobusa izango dute larunbatean, 15:00etan, anbulatorio aurretik irtenda. Autobuserako txartela sei euro kostako da, baina aurretik izena emateko Garmendipeko futbol zelaira deitu behar dela azaldu dute Lagun Onakekoek; hango telefono zenbakia 943 815907 da.

Itzulerako partida hurrengo asteburuan jokatuko dute bi taldeek Azpeitian, Garmendipen. Kanporaketa honetan irabazten duenak zuzenean Espainiako Bigarren B Mailara igotzea lortuko du. Galtzen duenak, berriz, ondoren beste kanporaketa batzuk jokatzeko aukera izango du; beraz, igotzeko aukera denak ez ditu galduko.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide