Gimnastica Torrelavega, tradizio handiko kluba

Enekoitz Esnaola 2009ko mai. 20a, 14:05

Gimnastica Torrelavegaren antzinako talde bat.

Gimnasticarentzat ona izan al da zozketa? Hori galdetu dute Gimnastica Torrelavega-Lagun Onak kanporaketaz hango webgune batean. Gaur (asteazkena) eguerdira arteko erantzunak:

Bai. %73.

Engainatzekoa izan daiteke. %22.

Ez. %3.

Ideiarik ez dut. %2.

Bistan da baikor direla Espainiako Bigarren B Mailara igotzeko.

Aipatutako webgunea, Gimnasticari buruzkoa da (http://gradagimnastica.com), eta, kluba bezala, ez da nolanahikoa, atal eta informazio ugari baitu. Lagun Onaki buruzko atala sortua dute, adibidez.

Eta bota dute mezua, giroa berotzeko: “Badugu kontrarioa, eta orain elastikoa jartzea tokatzen da, kalera irtetea, ikus gaitzaten, mundu guztiak jakin dezala Malecon bete egin behar dela, oso gaizki pasatu baitugu, garaia delako, aitzakiarik ez dagoelako, Torrelavegak zuriz eta urdinez jantzi behar duelako, ilusioz”.

Lagun Onak ez da behin ere egon Bigarren B Mailan. 1944an sortu zuten kluba eta 1980-1981ean lortu zuen sailkapenik onena: bosgarren Hirugarren Mailan.

Gimnastica Torrelavegak, aldiz, ezagun du Bigarren B Maila. Azkenekoz, 2006-2007an egon zen. Klubak ehungarren urteurrena zuen orduan, eta jaitsi. Bere historian, ordea, Bigarren Mailan ere egona da batzuetan, eta 1950ean ia igo zen Lehen Mailara.

Hiria garrantzitsua da. Iazko datuen arabera, 55.910 lagun bizi dira Torrelavegan (‘Torlavega’ montañeraz). Industria da nagusi. Kantabriako (Espainia) udalerria da, kostatik zortzi kilometrora dago eta Santander hiriburutik 27ra.

Kirol tradizio handiko herria da. Futbolean, esaterako, Gimnastica da Kantabriako klubik zaharrena (1907). Iraurgik ere asteburuan igoera fasea jokoan izango duela kari —Espainiako LEB Brontzetarakoa—, honatx Torrelavegako saskibaloiko datu bat: Sociedad de Amigos del Baloncesto 1997an, Caja Cantabria izenarekin, ACBn aritu zen. Gero Cantabria Lobos izena hartu zuen, eta 2004-2005ean akziodun nagusiak kluba Santanderrera eraman zuen. Kiroleko beste datu esanguratsu bat: Torrelavegakoa da Oscar Freire txirrindularia (profesionaletan errepideko Mundu Txapelketan hiru aldiz irabazlea: 1999, 2001 eta 2004an). Boloetan, boleibolen, eskubaloian… ere indar handia dute han.

Badute masa (goi-mailako) kirolerako.

Jendetza estadioan

Malecon estadioa 1921ean eraiki zuten, kirol gune globala eraiki ere: futbol zelaiaz gain, atletismo pista, gimnasio handia (tradizioari jarraiki), bi tenis pista, boloetako guneak, patinaje pista... Gaurko kirol zaletasuna ordutik dator. 1922ko abuztuaren 13an inauguratu zuten... bi euskal taldek: Athletic-Reala (3-1). Orduan hori ez zen harritzekoa, ordea; izan ere, euskal aztarna ugari zen duela ia mende bat Kantabriako parte hartan (historiaren eragina). Esaterako, Gimnasticak 1908an jokatu zuen bere lehen futbol partida, kluba urtebete lehenago eratu zuten arren, eta hamaikakoan han ziren Ugarte, Haya...; txuri-urdinez jantzita, Victor Elizondo delako batek hala proposatuta. Santander izan zuten arerio, eta Santanderren ziren Elizondo, Araluce, Odriozola... Gainera, Realaren janzkera bera du Real Sociedad Gimnastica Torrelavegak.

1948-1949an erdietsi zuen lehen aldiz Bigarren Mailara igotzea —artean ez zen B Mailarik—. 1.500 bazkide izan zituen. Eta zortzigarren jardunaldian Maleconen, Gimnastica-Racing derbian, 20.000 ikusle!

1950eko hamarkada hasiera izan da haren arorik distiratsuena. Bost urtez segidan egon zen Bigarren Mailan, behin Lehenengotik oso gertu. 1966an igo zen berriro Bigarrengora, eta urtebetera Espainiako Kopan Real Madril Europako Kopan hainbat aldiz irabazle izana arerio: Torrelavegan hutsean bukatu zuten —milaka lagunen aurrean—, Madrilen 1-0 galdu.

1967-1968an Hirugarren Mailara, 1977-1978an Preferentera. Bigarren B Mailara —jada kategoria hori bazen—, 1986-1987an. 2000-2001ean Bartzelona tokatu zitzaion Kopan. Hamabi mila lagun Maleconen, 0-1 (Rivaldo); Bartzelonan, 0-0.

Nahiz eta diru asko mugitu, orain dela lau urte arazo ekonomiko handiak eduki zituen klubak. Jokalariak hilabetez egon ziren aldagelan itxialdian protestan.

Jokalariak aipatuta, eta azken hogei bat urteei so, Vicente Engonga eta Vicente Allende Chili izan dira han jokatu duten ezagunenak.

Orain estadio berria egingo dute, lanak aurten hasita: ia sei milioi euroko aurrekontua, sei mila lagunentzako tokia, hedabideentzat gunea, kaseta pribatuak, elbarrientzat 50 eserleku...

Datu batzuk

Izena. Real Sociedad Gimnastica de Torrelavega. Victoria Espainiako erreginak 1923an eman zion ‘Real’ titulua.

Kluba. Kantabriako klubik zaharrena da: 1907an sortu zuten.

Presidentea. Abel Fernandez Rodriguez.

Estadioa. Malecon

Bazkideak. 2.200.

Webgunea. www.gimnasticadetorrelavega.es

Sailkapena. Espainiako Hirugarren Mailako III. Multzoan aritu da Torrelavega. 32 partida irabazi ditu, 5 berdindu, 1 galdu. 101 puntu. 103 gol sartu ditu, 15 jaso. Bigarrenari —Nojari— 15 puntu atera dizkio.

Beste taldeak. Gimnastica Torrelavegak Preferenten ere badu talde bat, baita Espainiako Gazte Mailako Ligan ere, besteak beste.

Zaleen taldeak. Hiru peña ditu klubak: Peña Orgasmos del Besaya, Peña Sorravides eta Peña Socarreña.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide