Areto Futbol Taldeak Zestoan jokatuko du bihar Euskal Ligarako igoera fasea

Urola Kostako Hitza 2009ko mai. 22a, 10:05

Gipuzkoako Lehen Mailan bigarren sailkatu da taldea eta, ondorioz, igoera fasea jokatzeko aukera lortu dute

Partida bihar izango da, 17:00etan; Villabonako Egintza taldeak eskatuta, Zestoako Gurutzaurre kiroldegian jokatuko dute

Azpeitiko Areto Futbol A Taldeak Euskal Ligarako igoera fasea jokatuko du, Gipuzkoako Lehen Mailan bigarren sailkatu dela eta. Zestoako Gurutzaurre kiroldegian jokatuko du igoera faseko finalerdia Villabonako Egintza taldearen kontra, bihar, 17:00etan. Izan ere, Villabonako taldeak uko egin dio igandean Azpeitian jokatzeari. "Baiezkoa eman eta gero eta Gipuzkoako federazio zein Azpeitiko Udal arduradunekin akordio batera iritsi ondoren, Villabonako Egintzak ezezkoa eman digu, norgehiagoka kantxa neutral batean jokatze aldera", jakinarazi dute Azpeitiko taldekoek. Bide batez, Villabonakoen "portaera lotsagarria eta kiroltasun eza" salatu eta herritarrak Zestoako kantxara joatera animatu dituzte.

Oñatiko finalaren bila

Duela bi denboraldi lortu zuen herriko futbol taldeak Lehen Mailara igotzea eta aurrenekoz jokatuko du Euskal Ligarako igoera fasea.

Bihar Zestoan Villabonako Egintzari irabaziz gero, azpeitiarrek hurrengo astean Oñatin jokatuko duten finalean aritzeko aukera izango dute.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide