Lan Mobel Iraurgi galtzaile igoera faseko lehen jardunaldian

Uztarria.eus 2009ko mai. 23a, 12:05

Santfeliuenc talde katalanak bi puntuko aldeaz (73-75) gainditu zituen etxekoak

Ostiraleko beste neurketan, Guadixek 75-85 irabazi zion Vila Joiosari

Lan Mobel Iraurgi saskibaloi taldearentzat ez da ondo hasi EBA Ligatik LEB Brontze Ligarako igoera fasea. Jon Txakartegik entrenatzen duen taldea, partida ona egin gabe ere, ez zen garaipenetik urruti ibili; baina azkenean amore eman behar izan zuen eta, bi puntuko alde estuaz izan arren, galdu egin zuen (73-75) Santfeliuenc-en kontrako neurketa. Denboraldian zehar Lan Mobel Iraurgik Azpeitiko kiroldegian galdu duen lehen neurketa da.

Lehen jardunaldiko beste partidan, Grupo Salmeron Guadix-eko andaluziarrentzat izan zen garaipena: 75-85 gainditu zuten La Vila Joiosa.

Gaur, Iraurgik Guadixen kontra neurtuko ditu indarrak herriko kiroldegian (19:30). Lan Mobelekoek derrigor irabazi beharreko partida izango da hori, biharko azken jardunaldira igoera lortzeko aukerekin iritsi nahi badute. Hala ere, eta atzo galdu ondoren, besteen emaitzen menpe gelditu dira urolatarrak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide