Areto futboleko finalerdiko partida eten behar izan zuten kantxaren egoera txarragatik

Urola Kostako Hitza 2009ko mai. 25a, 11:05

Azpeitia 0-1 galtzen zihoan Egintza taldearen aurka

Aste honetan erabakiko da nork jokatuko duen finala

Larunbatean bertan behera gelditu zen Zestoako Kiroldegian Azpeitiko Areto Futbola A taldearen eta Villabonako Egintza taldearen arteko partida, Kiroldegiko areto futboleko kantxako zoruan labaindu egiten baitziren jokalariak.

Igoera fasean daude bi taldeak, Azpeitiko taldea bigarren da sailkapen orokorrean eta Villabonakoa hirugarren. Partida honetatik, beraz, datorren larunbatean jokatuko den finalerako taldea aterako da.

Partida eten behar

17:00ak puntuan hasi zen partida, inongo arazorik gabe. Baina minutuek aurrera egin ahala jokalariak izerditzen hasi ziren eta zorua bustitzen. Min hartzeko arriskua zegoela eta, lehen zatia amaitzeko hamar minutu falta zirenean, marrazainek partida bertan behera uztea erabaki zuten, jokalarien hobe beharrez. Une horretan, markagailuan aurretik zihoazen Egintzakoak, 0-1 emaitzarekin.

Azpeitiko taldeko arduradun IƱaki Unanuek adierazi duenez, "partida larunbata baino lehen jokatu behar denez, aste bitartean jokatuko da, asteartean edo asteazkenean eta Azpeitian, etxean jokatzea espero dugu".

Hitzordua adosteko komeriak

Atzoko partida, hasiera batean gaur jokatzekoak ziren, Azpetiko Kiroldegian. Iraurgi Saskibaloi Taldearen igoer faseko partida izango da gaur eta hitzordu horretarako armailak jarri dituzte Kiroldegian. Areto futboleko partida bertan jokatu ahal izateko, Udalarekin hitz egin zuen joan den astean Azpeitiko taldeak eta Udalak goizeko partida bukatu eta lau ordutara armailak kenduta edukitzeko konprosimoa hartu zuen enpresa arduradunarekin hitz egin ondoren. Iraurgikoen partida 14:30ean amaituko zenez, 19:30ean jarri zuten jokatzeko ordua. Baina, Federaziotik esan zitzaienez, baimendutako orduetatik kanpo zegoen ordu hori. Hala ere, Egintzakoen oniritzia lortu ondoren, azkenean Federazioak ordu horretan jokatzeko baimena eman zuen.

Baina kontua da astearte gauen, Egintzako entrenatzaileak atzera bota zuela aurreko eguneko onarpena eta, atzo Azpeitiko Kiroldegian tokirik ez zegoenez, Zestoako Kiroldegian jokatzeko baimena lortu zuten. Dena dela, aipatutako arrazoiak medio bertan behera gelditu zen. Bihar jakingo da non eta noiz jokatuko den partida.

Lehia gogorra espero dute

Liga guztian zehar eta atzoko partidan ikusi zuten moduan, "etsai gogorra da Egintza, azken finean, atzetik ditugu sailkapenean baina puntu bakar batera. Berdinen arteko partida izango da, gogorra, parekotasun handia baitago".

Dena den, taldea "oso ondo" dagoela adierazi du Unanuek: "Bolada ona dugu, gainera, bigarren bueltan ez baitugu partida bakar bat bera ere galdu". Etxean jokatzeak ematen duen konfiantzarekin eta afizioaren laguntzarekin, "finalera pasatzeko itxaropena" duela aitortu du Unanuek. Laster argituko dira zalantzak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide