Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Garraio sailburuak jakinarazi du ez daukatela Urolako trena berriro martxan jartzeko baliabiderik: "Ez dago dirurik". Ezta akordiorik ere: "Udal batzuekin desadostasunak izan dira". Gainera, trenari buruz proiekturik ez dagoela esan du, "ideia" baizik. "Lehentasunak jarri behar ditugu eta aurreikuspen ekonomikoak ikusi".
Eta zein da tren (garraio) arloan Eusko Jaurlaritzaren lehentasuna? Abiadura handiko trena (AHT). Lehentasun duenez, horrako badago dirua, kopurua lau haizetara zabaltzen ez badu ere. AHT Gelditu! Elkarlanak emandako datuak dira honakoak: tren azkar horrek Euskal Herrian 10.000 milioi euroko kostua izango du; horietatik Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 6.000 milioi eurokoa.
Duela hiru urteko martxoan Gipuzkoako Foru Aldundiak Urola Kosta eskualdeari dagokion Lurraldearen Zatiko Plana onartu zuen. Hots, eskualdea garatzeko balioko duten ardatz nagusiak. Hor daude Azpeitiari buruzko asmoak. Adibidez: Urolako trena.
Tren zahar haren antzinako bidea osorik berreskuratzea espero duela zioen Aldundiak. Eusko Trenen plan estrategikoak, dena den, trenbidea Zumaiatik Azpeitira egitea jasotzen du.
Jaurlaritzak kendu zuen Urolako trena. Behin betiko erabakia 1988ko otsailean hartu bazuen ere, trenak azkeneko bidaia 1986ko uztailaren 14an egin zuen. Gehiagorik ez da izan. Eskualdeko herrietako alkateak eta biztanle ugarik manifestazioak-eta egin zituzten, erabakiaren aurka baitziren.
1926ko otsailaren 22an inauguratu zuten Urolako trena, Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatu eta kudeatuta. Zumarraga-Zumaia arteko bidea egiten zuen, 36,613 kilometrokoa. 20 zubi, 29 tunel eta 17 geltoki zituen.
(Eranskina. Arriolak, bide batez, ETAk AHTa ez duela geratuko adierazi du eta, erakunde armatuaren mehatxuak hor egon arren, trena egiten dabiltzanak ilusionatuta ari direla lanean, baliteke-eta Euskadin inoiz egingo den obrarik garrantzitsuena izatea. Joan den abenduaren 3an Inazio Uria azpeitiar enpresaburua hil zuen ETAk, Loiolan, eta haren lantokiari AHTa egitea leporatu zion, besteak beste).