Alacanteko La Nucia taldearen kontra jokatuko du Lagun Onakek kanporaketa berria

Uztarria.eus 2009ko eka. 2a, 13:06

Joaneko partida datorren astebukaeran jokatuko dute, han; eguna eta ordutegia zehazteke daude

Bigarren kanporaketa hau gainditu ezkero hirugarren bat jokatu beharko lukete azpeitiarrek; galtzen badute, aukerarik gabe geldituko dira

Azkeneko albistea (hilak 2, 11:08): Lagun Onak-ek igandean (ekainak 7) jokatuko du Alacanten, 19:00etan

Lagun Onak futbol taldeak badaki zeinen kontra jokatuko duen Espainiako Bigarren B Mailarako igoera fasearen bigarren kanporaketa. La Nucia (Alacant, Herrialde Katalanak) taldea izango da Aitor Zulaikak entrenatutako mutilek aurrez aurre izango duten taldea, gaur 16:30ean Espainiako Futbol Federazioaren egoitzan egin duten zozketan hala suertatu ondoren.

Kanporaketa berri hau ere bi partidatan erabakiko da; joanekoa Alacanten jokatuko dute datorren astebukaeran -eguna eta ordutegia zehazteke daude- eta bueltakoa, berriz, datorren astean. La Nuciakoek bestelakorik esan ezean, Azpeitiko klubaren asmoa itzulerako partida hori larunbatez jokatzea da; 13an izango litzakete, beraz, Garmendipen.

Joan den larunbatean Gimnastica Torrelavegaren kontra azken momentuan garaipenak ihes egin eta igoerarik gabe geratu ondoren, aukera berria izango du Azpeitiko taldeak Bigarren B-ra jauzia egiteko. La Nucia gainditu ezkero, hirugarren kanporaketa bati egingo beharko dio aurre. Alacantekoen kontra galdu ezkero, ordea, behin betiko kanporatuta geldituko da talde azpeitiarra.

Benidormetik gertu

Azpeitiko klubean ez dute gehiegi ezagutzen egokitu zaien aurkaria. Espainiako Hirugarren Mailako VI. taldean jokatzen du -Lagun Onakek IV.ean- eta talde horretan hirugarren tokian sailkatu dira 2008-2009 denboraldian. Igoera fasearen lehenengo kanporaketan Motril (Malaga, Andaluzia) taldea kanporatu du La Nuciak.

La Nucia udalerriari dagokionez, Benidormetik gertu dagoela badakite Lagun Onakekoek, zortzi bat kilometrora.

Azkeneko albistea (hilak 2, 11:08): Lagun Onak-ek igandean (ekainak 7) jokatuko du Alacanten, 19:00etan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide