Ostiral arratsaldetan baserriko produktuen azoka egingo dute

Urola Kostako Hitza 2009ko eka. 3a, 11:06

Udaleko arduradunek, EHNEko ordezkariak eta baserritarrek ostiraleko Azoka joan den astean aurkeztu zuten. (Nerea Uranga)

Bertako eta inguruetako baserrietan ekoitzitako produktuak salduko dituzte Azoka plazan, salmenta zuzena sustatuz

Helburu nagusia herritarrek baserritarren produktuak erosteko aukera gehiago izatea

Joan den hiletik, ostiral arratsaldetan lauzpabost baserritarrek postua jartzen dute Azoka plazan. Etzitik (ostirala) eskualdeko beste baserritar batzuk gehituko dira ekimen berrira eta, hala, ostiral arratsaldero 17:30etik 20:30era baserriko produktuen azoka egingo dute, azoka plazan. Helburu nagusia, herritarrek baserritarren produktuak erosteko aukera gehiago izatea da eta, horrez gainera, zuzeneko salmenta sustatzea; prezioa garestitzen eta baserritarren irabaziak gutxitzen dituzten bitartekariak alde batera utzita. Beraz, hemendik aurrera astearteroko azokaz gainera ostiral arratsaldetan ere herriko eta inguruetako baserriko produktuak erosteko aukera izango da herrian.

Baserriko produktuen merkaturatzeari buruz egiten ari diren azterketatik irten du Ekimenaren ideiak; azterketa Azpeitiko Udala ari da egiten EHNE sindikatuaren laguntzarekin. Azterketan, herritarrekin eta baserritarrekin hitz egin dute azoka bultzatzeko modu egokienaz eta aukeren artean asteburuetan ere azoka egiteko proposamena azaldu da, astean zehar lana egiten duten herritarrek aste barruan azokara etortzerik ez dutela kontuan hartuta.

Ostiral arratsaldetan baserriko produktuekin azoka antolatzeko proposamenak bai baserritarren bai herritarren aldetik "harrera oso ona" izan duela diote, "horregatik lehenbailehen martxan jarri nahi izan dugu".

Zalantzak eguna aukeratzeko

Astearteko azokatik aparte baserriko produktuekin azoka zein egunetan egin erabakitzeko zenbait zalantza izan dute: "Erosle batzuk azoka larunbat goizean egitea nahiago zuten". Baina, gauzak aztertu eta hainbat arrazoi tarteko, ostiral arratsaldetan egitea erabaki dute: "Larunbat goizetan Azkoitian azoka egiten da, eta hango baserritarrek ezingo lukete parte hartu. Horrez gainera, Azpeitiko eta Azkoitiko azokak osagarriak izan daitezkeela uste dugu, eta horregatik erabaki dugu Azpeitian beste egun batean egitea".

Ostiral arratsaldetako azoka bertako produktuak erosteko "benetako alternatiba" izatea nahi dute baserritarrek, "ez dugu azoka folkloriko edo aisialdiari begirakoa egin nahi. Jendea erostera etortzea nahi dugu, eta horretarako ostirala egokiena delakoan gaude".

Bertakoa eta salmenta zuzena

Astearteroko azokak bere horretan jarraituko duela nabarmendu dute baserritarrek, baina ostiraletakoa ez da berdina izango: "Bertako baserritarrek bertan ekoiztutako produktuak zuzenean saltzea nahi dugu, eta horregatik, ez da bitartekaririk ezta birsaltzailerik ere izango". Bi ezaugarrik bereiziko dute ostiraletakoa: batetik, baserritarren azoka izango da. Eta bestetik, salmenta zuzena bakarrik izango da bertan. Diotenez, "gaur egun, Gipuzkoan kontsumitzen diren elikagaien %90 kanpotik dator, eta bertan ekoiztutako produktuek ez dute ia irtenbiderik".

Azokaz gain beste ekimenak

Baina eurek ekoitzitako produktuak saltzeaz gainera beste helburu bat ere badu ostiraleko azokak: informazio, kontzientziazio eta sentsibilizazio lana egitea, alegia. "Herritarrek baserriko produktuak eta baserritarren lana ezagutzea nahi dugu, produktuak nola ekoiztuta dauden ezagutaraztea, eta garaian garaiko produktuak zein diren jakitea...". Horretarako azokarekin batera bestelako ekimen batzuk ere egingo dituzte: hilaren 12rako, Slow food mugimendua ezagutarazteko afari edo kata komentatu bat antolatu dute.

10 baserritar. Hasteko hamar baserritarrek hartuko dute parte ostiral arratsaldetako azokan; besteak beste, Azpeitiko, Azkoitiko, Errezilgo eta Aizarnazabalgo baserritarrek. Gerora beste batzuk gehituko direla aurreikusten dute.

Azoka. Ostiral arratsaldetan egingo dute, 17:30etik 20:30era, Azpeitiko Azoka plazan.

Produktuak. Bertako eta inguruetako herrietan ekoitzitako baserriko produktuak izango dira eta zuzeneko salmenta sustatuko dute. Barazkiak, bertako fruituak, gazta, ogia, arrautzak, mermelada, kontserbak, likoreak, ukenduak... egongo dira aukeran.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide