Patxi Lopez Loiolan, Uriatarrekin

Uztarria.eus 2009ko eka. 3a, 18:06

Goian, Patxi Lopez Inazio Uriaren seme-alabekin hizketan. Behean, Uriaren sendikoak, elkarretaratzearen aurreko lerroan. (IRENE ELORTZA)

Inazio Uria zenaren familiak hilabetero egiten duen elkarretaratzean hartu du parte Eusko Jaurlaritzaren lehendakariak

Lopezekin batera, erakunde eta alderdi politikoetako ordezkaritza zabala izan da gaur Uriatarren alboan, baita ETAren biktima izandakoak ere

Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzaren lehendakaria Loiolan izan da gaur, ekainak 3, Inazio Uria zenaren familiak ETAk hildako enpresariaren alde hilero egin ohi duen elkarretaratzean parte hartuz.

Lopezez gain, erakunde eta alderdi politikoetako ordezkaritza zabalak hartu du parte gaurko elkarretaratzean. Han izan dira, besteak beste, Markel Olano (EAJ) Gipuzkoako ahaldun nagusia, Rodolfo Ares (PSE-EE) Eusko Jaurlaritzako Barne sailburua, Iñaki Arriola (PSE-EE), Zerbitzu Publiko eta Garraio sailburua, Iñaki Galdos Gipuzkoako Foru Aldundiko Kanpo Ekintzetarako diputatua, Rafaela Romero (PSE-EE) Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidentea, Julian Eizmendi (EAJ) Azpeitiko alkatea, Asier Aranbarri (EAJ) Azkoitiko alkatea, Iñaki Azkuna (EAJ) Bilboko alkatea, Maixabel Lasa Jaurlaritzaren Biktimen Arretarako Bulegoko zuzendaria eta Eduardo Zubiaurre Adegi Gipuzkoako enpresarien elkarteko presidentea. ETAren biktimen ordezkaritza ere izan da Loiolan, Uriatarrekin.

Hilero legez, hamabost minutuko elkarretaratze isila egin du Inazio Uriaren familiak. Txalo zaparradarekin bukatu dute eta ez da adierazpenik egon.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide