Herriko erremontistek gogor ekin diote txapelketari

Urola Kostako Hitza 2009ko eka. 4a, 11:06

Azken bi urteetako txapelketak irabazi ondoren faboritoa zen Agirrezabala lehiatik kanpo gelditu da lehen jardunaldian

Joan den astean hasi zen X. Erremonte Txapelketa

Azpeitiko X. Erremonteko Txapelketa joan den ostiralean hasi zen. Aurreneko jardunaldian herriko lau erremontistek aurrera egitea lortu dute: Matxin VI.ak eta Ionek osatutako bikoteak eta Matxin III.ak eta Etxezabalek. Bi bikoteak finalerdietan elkarren kontra ariko dira.

Txapelketa irabazteko faboritoa zen Agirrezabala lehiaketatik kanpo gelditu da. Etxabe II.arekin bikotea osatuz, Matxin III.a eta Etxezabalen aurka 28-40 galdu du lehen kanporaketa. Kanporaketa gogorra jokatu zuten bukaerara arte, baina 25-25ean zeudenean Matxin III.ak jokaldi bikainei esker aurrea hartu zuten. Agirrezabalak aurreko bi urteetako Azpeitiko Erremonteko Txapelketak irabazita ditu.

Ostiralean jokatutako beste kanporaketan, Matxin VI.ak eta Ionek irabazi zioten Ibarzabalek eta Gazteluk osatutako bikoteari, 40-29. Bikote irabazlea bestea baino gehiago izan zen kantxan, eta aurkarien akatsei zukua ateratzen jakin zuen.

Kanporaketetan sarrera doan

Txapelketako hurrengo kanporaketak bihar jokatuko dituzte, 18:30ean, Izarraitz pilotalekuan. Bihar Zulaikak eta Urkok osatutako bikoteak Bereziartuaren eta Baleztenaren kontra jokatuko du; eta, Matxin IV.ak eta Aizpurua II.ak Etxeberria IV.a eta Zubizarretaren kontra jokatuko dute. Sarrera doan izango da.

Aurten partidak arratsaldez

Hilaren 19ra bitartean jokatuko dituzte erremonte txapelketako partidak, ostiraletan, Izarraitz pilotalekuan. Aurten, partiden ordutegia aldatu egin dute: iluntzean jokatu beharrean arratsaldean jokatuko dituzte, 18:30ean hasita. Julian Kortajarena Azpeitiko Udaleko Kirol batzordeburuaren esanetan, "ordu aldaketarekin asmatu egin dela ematen du: aurreneko jardunaldian jendearen sartu irtena behintzat izan zen".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide