Iniziatiba Internazionalistaren propaganda kendu izana salatu du Azpeitiko ezker abertzaleak

Uztarria.eus 2009ko eka. 4a, 14:06

Ezker abertzalearen ustez, EAJk udaleko langileei propaganda kentzeko agindua eman die

"Kezkagarria da PSOEk diseinaturiko ilegalizazio estrategia Azpeitiko EAJk nola kudeatzen duen ikustea", adierazi dute

Azken albistea (2009-06-08): Udalak "propaganda elektorala jartzeko adostuta dauden tokiak erabiltzea" eskatu du

Azpeitiko ezker abertzaleak EAJk Iniziativa Internazionalistaren propaganda kentzeko agindua eman duela uste du. "EAJk aspaldi hartu zuen ilegalizazio estrategiarekin bat egin eta ezker abertzalea baztertzeko erabakia. Horregatik eman die Azpeitiko udaleko langileei Iniziatiba Internazionalistaren propaganda elektorala kentzeko agindua", adierazi dute. EAJk, hauteskundeetarako prestatutako panelez gain, "beraien aldeko bozka eskatzeko" hainbat zonalde erabiltzen dituela diote.

Ezker abertzalearen ustez, Europar hauteskundeetan "lan politikoa normaltasunez egin eta lehia elektoraletan parte hartzeko zailtasunak" jartzen dizkiote ezker abertzaleari. "Benetan kezkagarria da PSOEk diseinaturiko ilegalizazio estrategia Azpeitiko EAJk nola kudeatzen duen ikustea".

Iniziatiba Internazionalistaren aldeko bozka legala emango dutela adierazi dute ezker abertzaleko kideek, "ezker abertzalearen aurkako eraso guztiei indarrez erantzuteko modurik hoberena delako. Ilegalizazioaren aurka daudela esan eta ilegalizazioaz baliatzen diren horiek urduri daude, bestela ez da ulertzen alderdi politiko legal baten propaganda kentzea".

Udalaren erantzuna

Azpeitiko Udalak, bere aldetik, ezker abertzalearen salaketari erantzunez oharra plazaratu zuen joan den ostiralean, azken orduan.

"Propaganda eta herriaren txukuntasuna uztartzen saitu behar dugu, eta horretan ahalegindu gara", adierazi dute Udaletik. Hauteskundeetako propaganda "toki jakin batzutara mugatzen" dela gogorarazi dute, toki horiek "Udalak eta epaitegiak" zehazten dituztela, eta "legez adostutakoak" izaten direla.

Joan den asteko asteartean herriko hainbat toki "paperez gainezka" azaldu zirela eta "zikinkeria horren inguruan kexak" jaso zituztela diote Udaletik. "Horren ondorioz, hainbat tokitatik proganda kentzea erabaki zen. Udalak adierazi nahi du, hala ere, nahikoa esku zabal jokatu duela, eta zenbait tokitako propaganda bere horretan utzi duela. Gehiegikeri eta zikinkeria handiena zeuden tokiak garbitu ziren".

"Propaganda eta herriaren txukuntasunaren artean oreka lortzea beharrezkoa dela uste du Udalak. Herriaren garbitasuna errespetatu egin behar dela deritzo, eta helburu hori buruan, propaganda elektorala jartzeko adostuta dauden tokiak erabiltzea eskatzen du", bukatzen da Udalak ostiralean kaleratutako oharra.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide