Merkatariei zuzendutako produktu eta zerbitzu katalogo berritua aurkeztu dute

Uztarria.eus 2009ko eka. 5a, 14:06

Gaur (ostirala) aurkeztu dute katalogoa Ana Mendizabalek eta Patxi Saezek.

Herriko establezimendu guztiak bisitatuko ditu Azpeitiko Udalak merkataritza arlorako dituen egitasmo, zerbitzu eta laguntzen berri emateko

Fruta eta barazki dendei zuzendutako material berria jaso da katalogoan

Azpeitiko Euskara Patronatuak herriko merkatariei zuzendutako produktu eta zerbitzu katalogo berritua aurkeztu du gaur, ostirala. Ana Mendizabal Azpeitiko Euskara Batzordeburua eta Udaleko zinegotzia eta Patxi Saez Azpeitiko Euskara Patronatuko zuzendaria aurtengo kanpainaren berri eman dute prentsaurrekoan.

Azpeitian %89a euskaraz hitz egiten duela ohiko bizitzan adierazi du Ana Mendizabalek. "Azpeitiarrok gure eguneroko bizimodurako euskaraz egin nahi dugu. Merkataritza ere ohiko jarduera dugu, eta han ere euskaraz egin nahi dugu azpeitiarrok".

Hain zuzen, hori da kanpainiarekin zabaldu nahi duten mezua: aukeran euskaraz egiteko. "Merkatariei euren jarduera euskaraz egiteko dituzten laguntza eta baliabideen berri eman nahi diegu, eta bide batez, euskararen presentzia merkataritzan indartu".

Frutak eta barazkiak katalogoan

Katalogoari dagokionez, berrikuntzarik azpimagarriena fruta eta barazki dendei zuzendutako material berria jasotzea da. "Frutak eta barazkiak identifikatzen dituen kartela eskainiko zaie dendariei eta horrekin batera prezioak jartzeko erabiltzen dituzten txartelak euskaratuta eta pertsonalizatuta eskainiko zaizkie euskarri digitalean", adierazi du Mendizabalek. Materialari dagokionez, kartel mutuak, merkealdiak, faktura orriak, eraman egiriak, arlokako hiztegiak, ostalaritzako materiala eta fruta dendetako eta barazki dendetako materiala eskainiko zaie dendariei, guztia doan. Teknologikoki ere laguntzak emango dituzte. "Establezimenduen gestiorako prestatutako tresna informatikoa eskainiko da eta erosteko dituen laguntza azalduko dira".

Saezen arabera, "herriko establezimendu guztiak bisitatuko ditu Azpeitiko Udalak merkataritza arlorako dituen egitasmo, zerbitzu eta laguntzen berri emateko". Establezimendu bakoitzari katalogo bana utziko diete eta merkatarien eskaerak jasoko dituzte. Uztailerako establezimendu guztiak bisitatzea aurreikusten dute eta behin bisitak bukatutakoan establezimenduek Patronatuan egin ditzakete eskariak.

Katalogoan, Azpeitiko Udala UEMAko kide denez, merkataritza arlorako mankomunitateak dituen material eta zerbitzuak ere jasoko dira, baita Udalak Bai Euskarari Ziurtagiria egitasmoa bultzatzeko hartutako konpromisoa dela-eta egitasmoaren nondik norakoak ere. Euskaraz seguruago kanpainaren berri ere emango diete merkatariei, bertan parte hartzera gonbidatuz.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide