Amaia Mendizabalek 'Urola Kostako Hitza'-ko zuzendari postua utzi du

Urola Kostako Hitza, uztarria.com 2009ko eka. 7a, 19:06

Amaia Mendizabal, 2006an ateratako argazkian.

Azpeitiarra ia hiru urtez aritu da eskualdeko euskarazko egunkaria zuzentzen, eta orain beste aro bati ekingo dio

Xabi Aizpurua gaurko zuzendariordeak hartuko du behin-behinean kargua

2006ko urriaren 17tik Urola Kostako Hitza eskualdeko euskarazko egunkariaren zuzendari lanetan aritu ondoren, Amaia Mendizabalek (Azpeitia, 1983) postua utzi du. Beste aro bati ekingo dio.

Proiektuaren zuzendaritza erredakzio taldea berritzeko prozesuan murgilduta dago. Zuzendari postuko lanetan nor hasiko den uda ondoren jakingo da, antolaketa berria definitzen dutenean. Bitartean, orain arteko zuzendariorde Xabi Aizpuruak gidatuko du egunkaria.

Mendizabalek lehendik ere kazetari lanak egin izan ditu; besteak beste, Uztarria Azpeitiko herri aldizkarian eta Berria egunkarian. Urola Kostako Hitza-n hasi aurretik Euskarazko Komunikazio Taldeko (EKT) Komunikazio sailean zebilen lanean. 2006ko irailean, berriz, Azpeitiarrak Espainiako Gerran liburua aurkeztu zuen, Uztarria Kultur Koordinakundeak argitaratuta, 1936ko gerra bertatik bertara bizi izan zuten hainbat azpeitiarren testigantzak bilduz.

Urola Kostako Hitza 2004ko otsailaren 20an sortu zuten, eta Uztarria izan zen sortzaileetakoa. Mendizabalen aurretik Gari Berasaluze izan zen egunkariaren zuzendaria.

Egunkariak bost urte bete ditu aurten eta, inkesta ofizialen arabera, 23.000 irakurle ditu egunero eskualdean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide