Partida erabakigarria jokatuko du bihar Azpeitiko Areto Futbolak

Uztarria.eus 2009ko eka. 12a, 18:06

Euskal Ligarako promozioan lehen postua lortuko dute Durangon irabazi edo berdindu ezkero

Kurutziaga taldea izango dute aurkaria, Landako kiroldegian, 18:30etik aurrera

Azpeitiko Areto Futbola A-k -talde nagusiak- norgehiagoka erabakiorra jokatuko du bihar, larunbata, Durangon. Euskal Ligarako promozioaren barruan, Bizkaiko eta Arabako azpitxapeldunekin jokatzen ari diren ligaxkako lehenengo postua esku-eskura dute azpeitiarrek, joan den astean Gasteizko Udapari irabazi ostean.

Bihar Durangoko Kurutziaga taldearen kontra irabazi edo berdindu ezkero, ligaxkako lehenengo postua ziurtatuko dute azpeitiarrek, durangarrek eta gasteiztarrek elkarren kontra jokatutako neurketa berdinketarekin bukatu zelako. Biharko partida Landako kiroldegian jokatuko dute, 18:30ean hasita.

Promozio honen txapeldunak datorren denboraldian Euskal Ligan jokatzeko postua erabat ziurtatua ez duen arren, Azpeitiko AF-k ez du hutsik egin nahi, hauxe baitu mailaz igotzeko azken aukera bakarrenetakoa.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide