Lagun Onak aurten, behintzat, ez da Espainiako Bigarren B Mailara igoko, gaur (larunbata) kanporatuta geratu baita. Bana egin du Garmendipen La Nuciaren aurkako itzuliko partidan (18:30ean hasi da). Joanekoan husna egin zuten eta, berdinketa kasuan, kanpoko golek bikoitza balio dute. La Nucia aurrera, beraz.
Azpeitiko taldeak Bigarren B Mailarako igoera fasean aurrera egin ahal izateko, gaur derrigor irabazi beharra zeukan edo, hutsean bukatuta, penaltietan nagusitu. La Nuciak orain beste kanporaketa bat gainditu beharko du igotzeko.
Lehen zatia 1-0ekoarekin amaitu dute. Ion Arruek sartu du gola, 43. minutuan. Ondo errematatu du bigarren zutoinean.
La Nuciak 67.ean egin du banako gola, penaltitik. Aurretik, kanpoko taldeko jokalari bati bi txartel hori atera dizkio epaileak lehen zatian bigarrena, erdialdera eta, hortaz, harrezkero hamarrekin aritu dira.
Jende asko joan da gaur ere Garmendipera; pare bat mila lagun izan dira partida ikusten. Ez zen erraza Gimnastica Torrelavegaren aurkako egunean adina jende elkartzea, orduan kanpotik mila jarraitzaile etorri zirelako.
Oso denboraldi ona
Lagun Onakek oso denboraldi ona egin du. Izan ere, lehen aldiz Espainiako Hirugarren Mailako bere multzoan lider bukatu du, eta Bigarren Bra zuzenean igotzear egon zen gero Torrelavegaren aurka, azkeneko minutuetan egin ziolako ihes txartelak.
Azpeitiko taldea ez da behin ere egon Bigarren B Mailan. 1944an sortu zuten kluba eta aurten arte 1980-1981ean lortu zuen sailkapenik onena: bosgarren Hirugarren Mailan.
Partidako argazkiak ikusi hemen