Mikel Elorza txirrindularia, jubenil mailako Gipuzkoako txapeldun

Uztarria.eus 2009ko eka. 15a, 20:06

Mikel Elorza bakarrik iritsi zen Segurako helmugara. (JESUS AGIRRE)

Bigarren urtez jarraian irabazi du txapelketa Lan Mobel-eko azkoitiarrak

Azpeitiko taldeko Goenaga (7.) eta Iriarte (8.) ere aurrenen artean sailkatu ziren, larunbatean Seguran jokatu zen lasterketan

Azpeitiko Lan Mobel txirrindulari taldeko Mikel Elorza azkoitiarrak bigarren urtez jarraian jantzi du jubenil mailako Gipuzkoako txapela. Seguran jokatu zen, joan den larunbatean (ekainak 13), aurtengo txapelketa, eta 2008ko historia errepikatu zen, bai behintzat irabazlearen izenari dagokionez. Jubenil mailan Gipuzkoako txirrindulari indartsuenetakoa dela erakutsi zuen berriz ere Elortzak.

Seguran jokatutako proban 86 kilometroko ibilbidea bete behar zuten txirrindulariek. Mendateak ez ziren falta ibilbidean, eta horietan erabaki zen lasterketa, neurri handi batean. Lierniko igoeran tropela apurtu eta hamabost laguneko talde bat geratu zen buruan. Lan Mobelekoek lau txirrindulari sartu zituzten aurreko taldean: Elorza bera, Goenaga, Madinabeitia eta Iriarte. Atagoitin, Mikel Elorzak jarritako erritmoari beste bi lagunek bakarrik eutsi ahal izan zioten; Aztirian atzekoei abantaila kenduz jarraitzen zuen buruan zijoan hirukoteak, eta Zerainen Elorza Intziarterekin (Azetxe) bakarrik gelditu zen buruan. Elkarrekin sartu ziren Segurako kaleetan eta, han, Elorza izan zen indartsuena, helmugan Intziarteri tarte erosoa atereaz.

Txapeldunaren taldekideek ere lan ona egin zuten Seguran eta Lan Mobelek hiru txirrindulari sartu zituen sailkapeneko lehen hamarren artean. Goenagak 7. postuan zeharkatu zuen helmugako arrastoa, eta 8. sailkatu zen Iriarte.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide