"Atzerapauso gehiagorik" onartuko ez dutela adierazi dute Euskara Mahaiko hainbat kidek

Uztarria.eus 2009ko eka. 16a, 11:06

Euskara Mahaiko hainbat kide, atzo (astelehena) eman zuten prentsaurrekoan.

"Herritarren parte-hartzea sustatzeko" eta "adostasunik zabalenak lortzeko" lan egitea eskatu diote Ana Mendizabal Udaleko Euskara batzordeburuari

Urtarrilean izandako udal gobernuaren aldaketarekin "atzerapausoak begibistakoak" direla uste dute

Azpeitiko Euskara Mahaiko hainbat kidek "herritarren parte hartzea sustatzeko" eta "adostasunik zabalenak lortzeko" lan egitea eskatu diote Ana Mendizabal Udaleko Euskara batzordeburuari. Atzo, astelehena, Sindikatu Zaharrean eman zuten prentsaurrekoan adierazi zutenez, azken hilabeteetan "atzerapausoak" egon dira.

Orain bi urte udal gobernuaren aldaketa eman zenean, "aurrerapauso garrantzitsuak" eman zirela uste dute Euskara Mahaiko kideek. "Aholku Batzorde izatetik Euskara Mahaia izatera igaro ginen, bertan proposamenak landuz eta eztabaidatuz. Urteetan aldarrikatu izan duguna lortzen ari ginen, bai parte hartzeari bai funtzionamenduari dagokionez, euskarak herrian behar zuen bultzada emanez".

Urtarrilean izandako udal gobernuaren aldaketarekin, berriz, "atzerapausoak begibistakoak" direla uste dute. "Enpresen normalizazio planekin egin dutena atzerapauso horien adibiderik garbiena da. Euskara mailan, enpresen euskalduntzea burutu ahal izateko planteamenduaren inguruan azalpenik eman gabe aldaketak egin dituzte. Martxoan, orain arte lanean jardun duen enpresekin harremanak eten eta langile bat kontratatu dute, inon aipatu eta erabaki gabe".

Udaleko Euskara batzordeburuak Euskara Mahaian eta Euskara Batzordean maiatzera arte azalpenik eman ez izana salatu dute. "Ez dugu onartuko atzerapauso gehiagorik, herritarren parte-hartzea sustatu nahi badu ezin delako horrelako jokabiderik izan".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide