Perez Arregiko komun berria txukun mantentzeko eskatu du Udalak

Uztarria.eus 2009ko eka. 16a, 11:06

Komun publikoek harrera ona izan dute, bai asteburuetan eta baita astegunetan ere

Herriko beste guneetan komun publikoak jartzeko asmoa dute

Perez Arregi plazako komun publikoak martxan dira jada, eta Udalak adierazi duenez, harrera ona izan dute komunek, bai asteburuetan, eta baita astegunetan ere.

Komun berriak ahalik eta egokien zaindu behar direla adierazi nahi izan dute udaletxetik. "Erabilera arauak errespetatu eta komunak txukun mantentzeko ahalegina egin behar da. Zerbitzua benetan egokia eta herritar guztientzat erabilgarria izateko garbitasun eta higiene arauak errespetatzea ezinbestekoa da".

Komun berria automatikoa da, erabili ondoren bera bakarrik garbitzen den horietakoa. Barrura sartutakoan ahots batek ematen ditu erabilpenaren inguruko azalpenak, eta 15 minutuko denbora uzten du gehienez. Komun nagusiaz gain gizonezkoentzat pixatokiak ere baditu. Komun automatiko horietako bakoitza 60.000 euro kostatzen da.

Enparantza Nagusiko betiko komunez gain, herrian ipintzen den gisa honetako lehen komuna da Perez Arregi plazakoa. Herriko auzo nagusi eta bestelako guneetan ere komun publikoak jartzeko asmoa du Udalak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide