Gustuko mendietan, aldaparik ez

Urola Kostako Hitza 2009ko eka. 17a, 11:06

Guztira 330 mendizalek hartu dute parte Azpeitiko Lagun Onak Mendi Bazkunak antolatu zuen XIX. Helduen Ibilaldi Neurtuan

Mendizaleen erdiak egin zuen 49 kilometroko ibilbide luzea, eta beste erdiak, 29ko laburra

Azpeitiko XIX. Helduen Ibilaldi Neurtuak 330 parte-hartzaile bildu zituen igande goizean. Mendizaleen erdiak egin zuen 49 kilometroko ibilbide luzea, eta beste erdiak, 29ko laburra. Antolatzaile lanetan aritu diren Lagun Onak Mendi Bazkunako kideak, gustura daude aurtengo emaitzarekin. "Parte-hartzeari dagokionez oso balorazio positiboa egiten dugu elkartetik, bertako herritarren parte hartzea azpimarratuz, ehun lagunetik gorakoa izan baitzen", adierazi du Azpeitiko mendi elkarteak.

Mendi martxan parte hartu zuten kirolariak ere gustura geratu dira antolaketarekin. Izan ere, anoa postu ugari eta proba ondorengorako dutxak eta jan-edateko nahikoa jarri zuten Lagun Onakekoek mendizaleen eskura. "Eskerrak eman nahi dizkiegu antolaketa posible egin duten laguntzaile guztiei eta baita partehartzaile guztiei ere", esan dute.

Arazo bakarra

Baina dena ez zen borobila izan igandeko ibialdian. Antolatzaileak oso haserre daude norbaitek bidea markatzen zuten zintak erre, kendu eta lekuz aldatu zituelako, mendizaleek egin beharreko ibilbidearen norabidean eraginez. Lagun Onak elkarteak barkamena eskatu die parte-hartzaileei sortu ziren arazoengatik. Horrelako ekintzen aurrean "ezer gutxi" egin dezaketela aitoru dute, baina bi urte barru, datorren ibilialdi neurtua egiten dutenerako, neurriak hartuko dituztela iragarri dute.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide