'Go!azen' telefilmean oinarritutako telesaila grabatuko dute Azpeitian

Uztarria.eus 2009ko eka. 17a, 13:06

Uztailaren 24tik irailaren 4era bitartean Esklabetan grabatuko dituzte telesaileko hainbat eszena

Pausoka ekoiztetxeak hamabi ataleko telesail bat egingo du

Go!azen telefilmean oinarrituta, 12 ataletako telesail bat grabatuko dute Azpeitian. Urtarrilean estreinatu zuen ETB1ek Go!azen telefilma; hainbat antzokitan ere eman zuten eta DVDaren ehunka ale saldu zituzten. Arrakasta hori ikusita, Pausoka ekoiztetxeak hamabi ataleko telesail bat egingo du. Joan den urteko uztailean grabatu zituzten filmaren hainbat eszena Esklabetan, eta herriko hainbat gaztek eta helduk hartu zuten parte.

Ekainaren 26an hasiko dituzte telesaileko grabaketak Miramonen eta Azpeitira uztailaren 24an etorriko dira. Iaz bezala, Esklabetan grabatzen egongo dira, irailaren 4era arte. Telesaileko lan taldea neurri handi batean telefilmekoa izango da. Jabi Elortegik zuzenduko du telesaila, eta Iñigo Aizpitarte eta Barbara Rivas izango dira protagonistak.

Pausoka ekoiztetxetik adierazi dutenez, aurten ez dituzte figuranteen hautaprobak egingo. Joan den urtean telefilmean parte hartu zuten gaztetxoei telesailen agertzeko proposamena egongo diete. ETBko arduradunek ez dakite noiz estreinatuko duten telesaila, baina produktua irailaren hirugarren asterako amaitua izango dute. Atal bakoitzak 52 minutuko iraupena izango du.

Udalekuetara itzulera

Go!azen telefilmak udaleku batera doazen gazte batzuen istorioa kontatzen zuen. Bertan Beñat eta Maite maitemindu egiten ziren, baina kanpalekuko neurri zorrotzak zituenez, zailtasun ugari gainditu behar zituzten. Bestetik, musika irakasleak musika oso modu desberdinetan bizi daitekeela erakusten zien ikasleei. Telefilmean azkeneko hamarkadetako hainbat kanta ezagunen bertsioak abesten zituzten neska-mutikoek.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide