HABEren 3. maila eta EGA ikastaroetan izena emateko epea zabaldu du Udal Euskaltegiak

Uztarria.eus 2009ko eka. 19a, 13:06

Klaseak uztailean eta irailean emango dituzte; ikastaroa 104 ordukoa izango da

Ikastaroan zehar asistentzia ona duen ikasleak ikastaroa doan egiteko aukera izango du

Ekainaren 29an hasiko da Azpeitiko Udal Euskaltegiak udako ikastaroen eskaintzaren barruan baliokideak diren HABEren 3. maila eta EGA tituluak eskuratzeko antolatu duen ikastaroa.

Antolatzaileen arabera, ikastaroa 104 ordukoa izango da. Orduak ekainaren 29tik uztailaren 24ra eta irailaren 1etik 8ra banatuko dira; abuztuan etena egingo da. Klaseak astelehenetik ostiral bitartean emango dira, lau ordu egunero.

Ikastaroa egin ondoren, baldintzak betetzen dituzten ikasleek EGA nahiz HABEren 3. mailako azterketara aurkezteko aukera izango dute. "Udako ikastaro hau aukera ezin hobea izan daiteke udaldian mailako azterketaren prestaketan zein EGArako prestaketan sakondu nahi duen edonorentzat", diote Azpeitiko Udal Euskaltegitik.

Ikastaroa doan egiteko aukera

Ikastaroan zehar asistentzia ona duen ikasleak (% 85eko asistentzia erreala) ikastaroa doan egiteko aukera izango du.

Izena emateko epea ekainaren 25ean amaituko da. Interesa duenak hiru bide ditu izena emateko: Azpeitiko Euskaltegiaren egoitzara bertara joanda (Perdillegi 1, Musika Eskola dagoen eraikina) goizeko 08:00etatik 18:00etara, 943 811947 telefono zenbakira deituta edo interneteko www.erabili.com/eskatu/euskara_ikastaroak helbidera idatzita.

HABEren 3.mailako azterketa eta EGA azterketaren datak

Matrikula

  • 3. maila: 2009/09/14 2009/09/18
  • EGA: 2009/06/29 2009/07/10

Atariko proba

  • EGA: 2009/09/19

Proba idatzia

  • 3.maila: 2009/10/16
  • EGA: 2009/10/03

Ahozko proba

  • 3. maila: 2009/11/27,28
  • EGA: 2009/11/13,14,20,21

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide