Eduardo Antonio Puelles Garciaren hilketa salatzeko elkarretaratzea deitu du biharko (larunbata) Azpeitiko Udalak. ETAk kotxe azpian jarritako bonba bat eztandaraziz hil du Puelles gaur goizean, Arrigorriagan. Hildakoa Espainiako Poliziaren Bizkaiko informazio inspektore burua zen (Berria).
EAJ, EA eta Aralarreko udal taldeek bat egin dute Eudelek ETAren azken atentatua gaitzesteko egin duen deialdiarekin eta herritarrak bihar 12:00etan udaletxe aurrean egingo den elkarretaratzera deitu dituzte. Inazio Uria azpeitiar enpresaburua zen gaur arte ETAren azken hildakoa.
Udalaren agiria
Hau da Udalak elkarretaratzea deituz plazaratu duen agiria:
"ETAk Arrigorriagan egindako atentatu basatiaren aurrean, zeinen ondorioz Eduardo Antonio Puelles Garcia polizĂa nazionala erahila izan den, Azpeitiko Udaleko EAJ-PNV, EA eta Aralar udal-taldeek, bat egiten dute EUDEL-ek egin duen deialdiarekin, bere salaketa gogorrena adierazteko ETAren indarkeriari, eta azpimarratzeko demokraziatik eta bizitzarekiko errespetutik soilik lortuko dugula Bakea. Hori adierazteko, Azpeitiko herritar guztiei atentatuaren kontra agertzeko deia egiten zaie, denak batera eta lemak alde batetara utzita, bihar larunbata, ekainak 20, 12:00etan udaletxe aurrean egingo den hamabost minutuko kontzentrazio ixilera".