Erremonte txapela, erabakita

Urola Kostako Hitza 2009ko eka. 22a, 11:06

Ezkerrean, txapelarekin 'Matxin IV'.a eta 'Aizpurua II'.a txapeldunak, 'Matxin III'.a eta 'Etxezabal' txapeldunordeekin.

Azpeitiko X. Erremonte Txapelketa Matxin IV.ak eta Aizpurua II.ak osatutako bikoteak irabazi du

Azpeitiarrek 30-40 galdu zuten

Ibon Agirrezabala Matxin IV.a eta Xanti Aizpurua Aizpurua II.ak irabazi dute Azpeitiko X. Erremonteko Txapelketa. Jakinekoa zen, aurten ere, matxindarrak txapelik gabe ez zirela geldituko Azpeitiko txapelketan. Izan ere, txapeldunorde Xuban Oiarzabal Matxin III.a eta Aner Bueno Etxezabal gelditu dira finala 30-40 galdu ostean. Herenegun arratsaldean jokatu zuten txapelketako finala, Izarraitz pilotalekuan.

Hamar tantoko aldea aterata lortu zuten txapela Matxin IV.ak eta Aizpurua II.ak. Baina merezitakoa izan zuten, biek ere partidan lan ona egin zuten-eta. 12 tantotara berdinduta zeudenean, pixkanaka-pixkanaka MatxinIII.a eta Etxezabal-i aurrea hartzen joan ziren, tantoen arteko aldea handituz: 12-16, 17-26, 21-28, 23-32, 25-34, 27-39 eta 30-40.

Finaleko onena Matxin IV. a azkoitiar erremontista izan zen; baita Izarraitz pilotalekuan aldeko zaletu gehien bildu zuena ere. Azkoitiar erremontistak aurreneko aldiz lortu du Azpeitiko Erremonte Txapelketako txapela. Dena den, haren bikote izan den Aizpurua II.a tolosarrak bigarren txapela lortu du Azpeitian; lehenengo aldiz orain lau urte irabazi baitzuen Urko Etxeberriarekin batera. Oraingo honetan, Aizpurua II.ak atzelari bezala irabazi du txapelketa, baina lehenbizikoan aurrelari bezala jokatuta lortu zuen.

Herenegun, finalaren aurretik, erremonteko partida nagusia jokatu zuten Urrizak eta Badiolak Utergaren eta Iriarteren aurka, aurrenekoek irabazi zuten, hauek ere 30-40 emaitzarekin.

Hamasei erremontistak hartu dute parte Azpeitiko X. Erremonte Txapelketan, horietatik zortzi azpeitiarrak izan dira. Eta, finalera iritsi diren hiru (Aizpurua II.a ez) Azpeitiko Erremonte Eskolatik irtendakoak dira.

Txapelketan debuta egin duten bi erremontista ere izan dira aurten: EƱaut Oiarzabal Matxin VI.a matxinbentarra eta Joseba Etxeberria Etxabe II.a aizarnazabaldarra.

Azpeitiko Erremonte Txapelketako txapeletako bat matxindarren artean gelditu da beste behin. Izan ere, aurreko bi urteotako txapelketak Igor Agirrezabala Agirrezabala-k irabazi zituen; hori ere Matxinbentako erremontisten familiakoa.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide