Grumaleko langileek enplegu txostena ukatu dute, "lan bermerik ez duelako"

Urola Kostako Hitza 2009ko uzt. 2a, 13:07

Grumaleko Langile Batzordeko kideak eta LAB nahiz ELA sindikatuetako ordezkariak ELAren Azpeitiko egoitzan bildu ziren atzo, langileen egoera azaltzeko.

Enpresaren zati gehiena Fagorren esku dago, "baina honek ez ditu bere gain hartu nahi bertako langile guztiak"

ELA eta LAB sindikatuetako ordezkariek agerraldia egin zuten atzo (asteazkena), Azpeitian

Grumal enpresako Langileen Batzordeak atzera bota du enpresako zuzendaritzak proposatutako Enplegua Erregulatzeko Txostena (EET), "Fagorren aldetik konpromisorik ez dagoelako". Halaxe adierazi zuten atzo ELA eta LAB sindikatuetako ordezkariek ELA sindikatuaren Azpeitiko bulegoan egindako agerraldian.

Grumal enpresaren %78 Fagor kooperatibaren esku dago eta, une honetan, kooperatiba bihurtzeko prozesuan dago, 2010an bukatuko da prozesua. Baina Langile Batzordeko kideek eta sindikatuetako ordezkariek adierazi zutenez, "Fagorrek ez ditu Grumaleko langile guztiak bere gain hartu nahi". Horrexegatik, "enpresari argi eta garbi adierazi diogu proposatutakoa ez dugula negoziatuko, ezta onartuko ere, lanerako bermerik ez badago : hau da, gaur egun Grumalen lanean ari diren guztiei lanean jarraitzeko aukera ematen ez bazaie", azpimarratu zuen ELAko ordezkari Josu Galarragak.

Fagorrek plan industrial bat aurkezteko asmoa du eta plan horren bidez zehaztuko da Grumaleko zenbat langile sartuko diren kooperatiban. "Gutxi gorabehera, 100-120 langilerentzat egongo litzateke kooperatibista bihurtzeko aukera. Grumelen gaur egun ia 200 langile daudela kontuan izanda, 80 langile inguru kalera joango liratekela aurreikusten dugu. Ondorioz, ezin dugu hori onartu", azaldu zuen Galarragak.

Lan ordezkaritzaren esku

Erregulazio Txostena negoziatzeko epea joan den larunbatean bukatu zen eta Langile Batzordeak onartu ez duenez, Eusko Jaurlaritzaren Lan Ordezkaritzaren esku dago orain auzia. LABeko ordezkari Andone Arrietaren esanetan, "Lan Ordezkaritzak EET onartuko ez balu, agian Fagor behartuta egongo litzateke Grumaleko langile guztiak mantentzera. Beraz, administrazio publikoaren papera eta erantzukizuna ere mahai gainean jarri nahi dugu. Gure ustez, erregulazio txostenaren aurka egin behar baitu. Azken finean, Fagorrek ondorengo kaleratzeak finantzatzeko erabili nahi du erregulazioko txosteneko diru publikoa. Sekulako eskandalua da hori! Beraz, lan ordezkaritzak onartuko balu, benetan salagarria izango da".

Grumal enpresako zuzendaritzak Jaurlaritzaren Lan Ordezkaritzan aurkeztu duen Enplegua Erregulatzeko Txostenak urtebeteko iraupena izango luke, eta 147 langileri eragingo lieke; urte horretan, langile bakoitza langabezian egongo litzateke 80 egunez.

Era berean, sindikatuek mobilizazioak deitu dituzte datozen egunotarako. Etzi, 12:00etan, udaletxe aurrean bilduko dira Grumaleko langile guztiak, herritarrei euren arazoaren berri emateko. Datorren asteazkenean, uztailaren 8an, Arrasatera joango dira, Fagor kooperatibaren egoitzara, langileen desadostasuna adieraztera.

Aldaketa ugari

Duela 5 urte Grumaleko langileekin konpromiso moral bat hartu zuen Fagorrek: kooperatibista bihurtuz gero, euren lanpostuak bermatuta izango zituztela esan zieten langileei. Azkenaldian, ordea, gauzak asko aldatu direla nabarmendu du LABeko ordezkari Andone Arrutik. "Duela 2 urtetik hona enpresako langile taldea %27 murriztu da; 264 langile izatetik 193 langile izatera pasatu da, hain zuzen ere. Hasieran aldi baterako zeudenak kaleratu zituzten eta joan den urtarrilean, berriz, 28 langilek utzi zuten lantegia".

Duela 8 hilabete Grumaleko zuzendaritza Langile Batzordearekin bildu zen eta, bertan, 44 langile Enplegua Erregulatzeko Txostenaren bidez kaleratzea proposatu zieten. Batzordeak ez zuen proposamena onartu eta "kaleratze horiek bertan behera geratu ziren egindako presioagatik". Edonola ere, zuzendaritzak Enplegua Erregulatzeko Txostena aurkeztu zuen Lan Ordezkaritzan. Negoziazio luze baten ondoren, 28 langilek enpresa uztea erabaki zuten kalte-ordain baten truke. Ondorioz, enpresak erregulazio txostena atzera bota zuen.

Kaleratzeak "epe motzera"

Baina "kooperatibizazioa eman aurretik, epe motzera, kaleratze berriak izango direla ohartarazi digu enpresak. Beraz, egoera larria da langileentzat", zehaztu zuen Arrutik. Horren aurrean, LABeko eta ELAko ordezkariek gogor salatu zuten Fagorren jarrera: "Euskal Herrian enplegua sortzen eta bermatzen dutela esanez ahoa betetzen zaie. Baina garai eskasak etortzen direnean ez dute inolako eskrupulurik eta multinazionalek bezala funtzionatzen dute".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide