Zarauzko Kafe Toreron Pako Aristiren lan bat interpretatuko dute

Urola Kostako Hitza 2009ko uzt. 2a, 13:07

Euskalduna tabernan izango da emanaldia, gaueko bederatzietan

Aristik landutako Josu Ducatiren proposamena gidoiaren irakurketa dramatizatua taularatuko dute

Zarauzko Kafe Torero kultur egitasmoaren azken emanaldia izango da gaur, osteguna, eta denboraldiari amaiera emateko Pako Aristi idazle azpeitiarraren lan bat interpretatuko dute Patxi Santamaria, Kandido Uranga eta Ane Gabarain aktoreek. Gaueko bederatzietan, Euskalduna tabernan izango dira laurak.

Pako Aristik landutako Josu Ducatiren proposamena gidoiaren irakurketa dramatizatua taularatuko dute hiru aktoreek. Urangak Josu Ducatiren papera beteko du, pisu handiko etakide batena. Santamariak, berriz, Ertzaintzako Antton buruzagiaren pertsonaia barneratuko du. Akzioa Ertzaintzaren kuarteleko galdeketa gela batean gertatzen da. Bertan Antton Josuri galdeketa egiten ari zaio. Galdeketa gelako ispilu faltsuak bestaldean daudenei bertan gertatzen dena ikusteko aukera eskaintzen die. Kasu honetan, publikoa izango da bestaldean zelatan egongo dena.

Bi pertsonaien arteko elkarrizketa ez da galdeketa polizial hutsa izango. Lagunak eta, era berean, etsai zaharrak diren bi gizonen arteko topaketa izango da. Tartean hitzarmen politiko baten proposamena ere egingo dute. Agertokitik kanpo ere lagunak dira bi protagonistak. Elkarrekin hasi ziren antzerkian eta ordutik harreman ezin hobea dute. "Lagunekin lan egitea gustagarriagoa izaten da", adierazi du Santamariak.

Protagonistak

Aristirekin harreman zuzena izan dute aktoreek. Bizpahiru aldiz egon dira elkarrekin, testua aztertzen, erritmoa neurtzen eta emanaldi egunerako dena prestatzen.

Pako Aristi idazlearen lanek zeresan ugari eman izan dute, batzuentzat sortzaile ezeroso eta kritikoa baita. Bere ezinegonak ia alor literario guztiak jorratzera bultzatu du: olerkia, ipuinak, eleberria, elkarrizketak, saiakerak, haur literatura... eta oraingoan, antzerkia. Josu Ducatiren proposamenarekin Euskaltzaindiaren antzerki saria irabazi zuen Aristik.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide