Gaixotasunak berak sortzen dien pisuaz gain, minbizia duten pertsonek tratamenduek iraun bitartean familiari eta ingurukoei eragindako gorabeheren pisua ere eraman behar izaten dute sorbalda gainean. Pisu hori arintzeko asmoz sortu dute Joserra Uriarte txirrindulari ohiak eta bere emazte Nerea Aranbarrik, Joserra Uriarte Fundazioa. Orain, eskualdez eskualde eta herriz herri beraien asmoa zabaltzen ari dira; Azpeitian badute jada lehen kolaboratzailea, Iñaki Urbieta.
Fundazioa sortzeko 99.999 opari-kaxa jarri zituzten salgai 5 eurotan. Kaxa guztiek zuten oparia. "Honekin babes sozial garrantzitsua lortu nahi genuen erosleen bitartez; bestalde, Fundazioa eratzeko dirua lortzea beharrezko zen". Baina ekimena kili-kolo gelditu zela ikusita, kontzertu bat antolatzea erabaki zuten. "Carlos Bauteren agentea gurekin harremanetan jarri zen eta Bautek jotzea eskaini ziguten". Ostiral honetan izango da kontzertua, Donostiako Ilunbe plazan, 22:00etan. Venezuelakoarekin ariko da Marta Sanchez abeslari espainiarra ere.
Gaixotasunaz apartekoak
Nere Aranbarriri obarioko minbizia diagnostikatu zioten duela zazpi urte, bere alabaz erdirtzerakoan konplikazioak sortu zirenean. Tratamenduak iraun zuen urte guztietan, osatze prozesuan, "nolabaiteko hutsunea" zegoela ikusi zuten: "Gaixorik zaudenean bidaiak egin behar dituzu, etxetik kanpora jan behar duzu, etxetik kanpo lo egin behar duzu; familiartekoek ere berdin ibili behar izaten dute ingresatuta bazaude, kanpoan bazkaldu behar dute egunero eta ospitalera joan behar dute. Horrek guztiak izugarrizko gastua dakar hilaren amaieran", dio Aranbarraik.
Uriartek dioenez, prozesu horretan "eskailera" bat sumatu zuten: "Tratamenduak iraun bitartean pisu bat alokatzeko edo hotel batean bizitzeko diru arazorik ez badaukazu erdira jaisten da arazoa; baina, horiek ordaintzeko zailtasunak badituzu askoz gogorragoa da dena".
Nerea Aranbarriren arabera, "desinformazio handia dago. Gaixotutakoan denbora asko galtzen da nora jo ez dakizulako. Jende askok idatzi digu galdetzen nora jo daitekeen galdezka". Gainera, elkarte gehienak minbizia mota zehatz batzuk aztertzen eta laguntzen aritzen direla, baina, beste zenbait minbizia mota erdi-ahaztuta daudela adierazi du. "Gaixo dauden pertsonek, tratamenduak irauten duen bitartean, ahalik eta bizi kalitate hoberena izatea nahi dugu guk, ez daitezen familiak hautsi gaixotasun hori gainditzeko", dio Aranbarrik.
Fundazioaren hanka nagusiak
Joserra Uriarte Fundazioak lau proiektu nagusi ditu eta datozen urteetan garatzen joango dira. Bikoteak Otxandion duen 15.000 metro koadroko lursail batean egurrezko etxetxoak egin nahi dituzte, gaixoen aisialdirako eta errekuperazio prozesurako. "Ahal den neurrian, gaixotasunaz ahaztea eta familiakoekin eta ezagunekin egotea da helburua, baita gaixo daudenekin eta sendatu direnekin esperientziak partekatzea ere", esan du Aranbarrik. Proiektu honen bigarren hanka instalazio horietan bertan zerbitzu onkologikoa behar duten haurrentzat udalekuak antolatzea da. Datorren urtean martxan jartzea espero dute.
Horrez gain, Aranbarriren onkologoa izan zenak Donostiako ospitale onkologikoaren alboan kokatutako 6.000 metro koadroko lursaila utzi zion duela hiru urte hil zenean. Hori dela-eta, lursail horretan minbizia dutenentzako eta beraien familientzako apartamentuak egin nahi dituzte, "ez daitezen ospitalean bezala sentitu eta familia bakoitzak bere intimitatea eta bere erritmoa izan dezan".
Laugarren hanka, animalia txikiekin terapiak egitea litzateke: "Txakurrekin, esaterako. Down sindromea, alzheimerra edo esklerosia tratatzeko erabiltzen dira hemendik kanpo eta hemen ere aplikatu nahi ditugu teknika horiek".
Urolako lan-taldea
Iñaki Urbieta azpeitiarrak gain hartu dio minbiziari. Irratian izan zuen fundazioaren berri eta beraiekin harremanetan jarri zen Urola bailaran fundazio hau ezagutzera emateko. Eskualdeko herri bakoitzean lan-taldeak eratzen joatea da asmoa, eta guztien artean koordinazio sare handi bat eratzea.
Fundazioarekin harremanetan jartzeko bideak honakoak dira. Iñaki Urbietarekin hitz egiteko: 943 81 50 48 edo 635 20 88 11 telefono zenbakiak edo urbietai@euskalnet.net helbidea. Joserra Uriarte Fundazioa: 15 posta kutxa, 48140 Igorre (Bizkaia), 645 350 102 telefonoa, info@ayudacontraelcancer.com helbidea edo www. ayudacontraelcancer.com ataria.