Txakartegirekin batera Andoni Lazkanok entrenatuko du Iraurgiko lehen taldea

Urola Kostako Hitza 2009ko uzt. 9a, 11:07

EBA Ligako taldearen entrenatzaileak lotu ditu Iraurgik eta hilaren bukaerarako taldea osatuko du

"EBA Ligak berak ez dit beldurrik ematen, jokalariek eta lehen entrenatzailearekin egin beharreko lanek, ordea, bai", dio Lazkanok

Iraurgi Saskibaloi Elkarteko EBA Ligako taldea entrenatzen Jon Txakartegik jarraituko du 2009-2010 denboraldian ere. Baina honek taldea zuzentzeko lagun berria izango du alboan, Andoni Lazkano azpeitiarra. Joan den denboraldian Gabriel Ociok jardun zuen bigarren entrenatzailearen lanak egiten; honek ez du jarraituko eta Lazkanok hartuko du bere lekukoa.

Taldea entrenatuko dutenak lotu ditu saskibaloi elkarteak. "Guretzako lehen taldea osatzeko orduan entrenatzailea zen aurren-aurrena lotu nahi genuena, eta Txakartegik gurekin jarraituko du. Hori lotu dugu lehenbizi", zioen elkarteak hilaren 2an bere webgunean (www.iraurgisb.com). Txakartegik Lan Mobel Iraurgi taldearekin bigarren denboraldia egingo du; joan den denboraldiaren hasieran fitxatu zuen Iraurgik. Aurretik, Espainiako Emakumeen Ligako Txingudi Saskibaloi Elkarteko Hondarribia-Irun taldea entrenatzen ibili zen.

Andoni Lazkanok, berriz, Gabriel Ocioren lekukoa hartuko du bigarren entrenatzaile lanetan. Iraurgi Saskibaloi Elkarteak azaldu duenez, "Ociok esan zigun datorren denboraldian ezingo zuela segitu eta bigarren entrenatzaile bila jardun dugu; nor aurkituko eta Andoni Lazkano". Lazkano urte askoan dabil Iraurgi Saskibaloi Elkartean, pasa den denboraldian ez, baina aurreko batzuetan lehen taldearekin kirol ordezkari lanak egiten ibilitakoa da.

Taldea, hilaren bukaerarako

Lehen taldearen bi entrenatzaileak lotu ditu Iraurgik, eta orain taldea osatzea falta zaio. Jokalari batzuekin lotuta ditu kontuak; "datorren astean helduko diogu berriro lan horri", dio Jose Luis Zubizarreta Xubi saskibaloi elkarteko ordezkariak. Hil honen bukaerarako taldeko jokalari gehienak lotuta izatea aurreikusten dute. Denboraldi aurreko entrenamenduak abuztuko bigarren astean hasiko ditu Lan Mobel Iraurgik. 2009-2010 EBA Ligako denboraldia hilabete beranduago hasiko dute, irailaren bigarren hastean.

Andoni Lazkano (Lan Mobel Iraurgiko bigarren entrenatzailea)

"Txakartegirekin lan egitea oso garrantzitsua da niretzako"

"Animatuta" dago Andoni Lazkano azpeitiarra EBA Ligan jokatuko duen Lan Mobel Iraurgi taldeko bigarren entrenatzaile lanetan hasteko. Egun hauetan Saskibaloiko Goi Entrenatzaile titulua ateratzeko ikastaroetan dabil Donostian. Aurten saskibaloiarekin ahazteko opor egun gutxi izango duela dio, Ā«ikastaroa hilaren 31a arte izango da eta hilaren 17tik bukatu arte klaseak egunero-egunero eta goizeko 09:00etatik iluntzeko 21:00ak arte ditut. Hori bukatu eta abuztuaren bigarren astean denboraldiko prestaketekin hasiko gara. Beraz, aurten opor txikiak izango ditut, baina gustuko lanean aldaparik ezĀ».

Postu berria izango duzu Iraurgiko lehen taldean, bigarren entrenatzailearena, animatuta?

Bai, bai animatuta nago bigarren entrenatzaile bezala jarduteko. Lehen, bost bat denboralditan, lehen taldeko kirol ordezkaria izan naiz, eta orain bigarren entrenatzailearen postu hori probatzeko gogoarekin nago.

Lehen taldearekin lan egindakoa zara, baina Jon Txakartegirenekin aurreneko aldiz jardungo duzu ezta?

Bai, horrela da. Txakartegirekin lan egitea oso garrantzitsua da niretzako, neuk ikasteko aukera oso ona dela iruditzen zait. Orain, Donostian Goi Mailako Entrenatzaile titulua ateratzeko ikastaroetan nabil eta ikasitako praktikan jartzeko balioko dit.

Txakartegirekin hitz egin al duzu datorren denboraldiari buruz?

Bai, hitz egin dut berarekin. Berak dituen asmoez eta nik nolako lana egin beharko dudan aztertu dugu dugu. Denboraldiko entrenamenduekin hasi aurretik berriro ere bilduko gara hitz egiteko.

EBA Liga, berriz, zuretzako ez da berria.

EBA Liga ezagutzen dut bai, lehen bost-sei urtetan Iraurgiko kirol ordezkari bezala jardundakoa naiz eta. Ligak berak ez dit beldurrik ematen, jokalariek eta lehen entrenatzailearekin egin beharreko lanek, ordea, bai. Baina, EBA Ligaren gauzarik txarrena partidak jokatzeko egin behar izaten ditugun bidaia luzeak dira. Hala ere, uste dut, datorren denboraldiko liga erregularreko aurrenenko partidetan ez dugula bidaia luze askorik egin beharko. Egun bakarreko bidaiak gehiago izango ditugu, eta hoiek ederrak izaten dira.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide