Iriarte sanferminetako Erremonte Txapelketatik kanpo gelditu da

Urola Kostako Hitza 2009ko uzt. 9a, 11:07

Urriza-Urrutiak 37-40 irabazi diote Zeberio II.a-Iriarteri, Aceites Sanduako finalerdian

Badiolak gaur (osteguna) jokatuko du

Sanferminetako Aceites Sandua Erremonte Txapelketako lehen finalerdia jokatu zuten herenegun Iruñeko Euskal Jai Berri pilotalekuan. Urrizak eta Urrutiak osatutako bikoteak 37-40 irabazi zioten Zeberio II.ak eta Iriartek osatutako bikoteari. Beraz, Iriarte azpeitiar erremontista txapelketatik kanpo gelditu da.

Bi bikoteek norgehiagoko gogorra jokatu zuten, baina nafarrek osatutako bikotea gipuzkoarrena baino gehiago izan zen.

Badiolaren txanda gaur, osteguna

Sanferminetako Erremonte Txapelketako bigarren finalerdia jokatuko dute Euskal Jai Berrin, gaur, 16:00etan. Finalerdi honetan beste azpeitiar bat ariko da: Imanol Badiola. Azpeitiarrak Ezkurrarekin osatuko du bikotea, eta Altuna II.aren eta San Migelen aurka ariko dira. Gaurko finalerdia irabazten duen bikoteak larunbatean jokatuko du finala Urrizaren eta Urrutiaren kontra.

Gaurko finalerdiaren ondoren eta erremonteko jaialdia osatzeko, Matxin III.ak eta Urrutiak Urrizaren eta Etxeberria III.aren aurka jokatuko dute.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide