Aitor Zulaikak jarraitu egingo du Lagun Onak-eko lehen taldea entrenatzen

Urola Kostako Hitza 2009ko uzt. 10a, 11:07

Andoni Sarasola eta Aitor Zulaika Garmendipeko partida batean. (Nerea Uranga)

Lehen taldeko Sarasola, Fernandez eta Manterola jokalariak datorren denboraldian ez dira izango Lagun Onak-en

Saninazioak eta gero hasiko da taldea berriro entrenamenduekin

Lagun Onak Futbol Klubekoek datorren denboraldirako gauza bat gutxiago dute lotzeko: Aitor Zulaika azpeitiar entrenatzaileak lehen taldea entrenatzen jarraituko duela hitz eman die. Joan den denboraldia bukatu ondoren datorrenean zer egin pentsatu egin behar zuela esan zien futbol klubeko zuzendaritzakoei. Dagoeneko jaso dute Zulaikaren erantzuna eta pozik daude. "Guk horixe nahi genuen, Zulaikak gurekin segitzea. Beraz, esan dezakegu orain kezka bat gutxiago dugula", dio Joxe Mari LarraƱaga Lagun Onak Futbol Elkarteko presidenteak.

Futbol klubekoak egun hauetan datorren denboraldirako Espainiako Hirugarren Mailako taldea osatzeko lanetan dabiltza. Talde teknikoa osatzen dutenen artean gehienek segitu egingo dute datorren denboraldian: Aitor Zulaika lehen entrenatzailea, Joseba Aranguren Potxo atezainen entrenatzailea, Xabier Alberdi Beltza bigarren entrenatzaileak eta Jon Alberdi prestatzaile fisikoa. Josu Sudupe bigarren entrenatzailea, berriz, zalantza tan dago.

Lehen taldeko jokalarien artean dagoeneko hiru baja jakinekoak dira, Aitor Zulaikaren esanetan: "Andoni Sarasola donostiarrakfutbola utzi egingo du. Aitzol Manterola zarauztarra, berriz, Zarautz taldera itzuliko da. Eta, Cristian Fernandez kolonbiarra Realak utzita zuen Lagun Onak-i eta Realera itzuliko da". Jon Arrue, berriz, denboraldi erdira arte izango da Lagun Onak-en, "ikasketengatik kanpora joango da Arrue".

Jon Orbegozok, berriz, kanpoko hainbat taldetatik eskaintzak jaso ditu eta berak zer erabaki hartuko zain daude Lagun Onak-ekoak. "Taldeko jokalari gehienek segitu egingo duteLagun Onak-en, baina aurrera begira ari gara lanean une hauetan, eta jokalari posible batzuekin zerrenda osatzen ari gara, gero zeinena jo jakiteko. Ditugun bajak kontuan hartuta, batik bat zelai erditik gorako jokalariak dira".

Lagun Onak-ekoen lehen taldea saninazioak eta gero hasiko da denboraldi berriko entrenamenduekin. "Aurten hilabete beranduago bukatu dugu denboraldia eta berriro entrenatzen Santio jaien aurretik hasi beharrean festak bukatutakoan hasiko gara", dio Zulaikak.

Denboraldi aurrekoa

Denboraldi aurreko hainbat futbol partida lotuta du abuztuan Lagun Onak-ek: 8an Hondarribian jokatzeko asmoa dute; 14an, berriz, Azkoitian Andra Mari Torneoa jokatuko dute; 19an, Hiruko Txapelketa dute Orion; eta 20an, Lesakan, Beti Gazteren kontra ariko da. Errege Kopa zein egunetan jokatuko dute erabaki gabe dago.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide