Ostiraletako taldearen lana

Urola Kostako Hitza 2009ko uzt. 10a, 11:07

'The Fridays Crew' diskoaren azala.

Fridays Crew Azpeitiko eta Azkotiko musika taldeak The Fridays Crew izena duen diskoa kaleratu berri du

Diskoa uztailaren 3an aurkeztu zuten Azpeitiko Gaztetxean

Aurretik bi lanetan hartu zuen parte Fridays Crew taldeak, eta baita hainbat eta hainbat kontzertu jo ere. Orain, euren disko propioa atera dute, bederatzi kantu bilduta. "Aurretik, hiru urtetan, kontzertu piloa emanda genuen eta diskoa ateratzeko garaia zela pentsatu genuen", diote taldekideek. Azpeitiko Gaztetxean aurkeztu zuten lan berria, hilaren 3an.

Punk Oi! estiloa jorratzen du Azpeitiko eta Azkoitiko musika taldeak. Bost lagun aritzen dira taldean: Markel Elias Markesa (ahotsa), Arkaitz Ayuso Arka eta Gorka Agirre Agirre (gitarrak), Ibon Labaka Labaka (baxua) eta Harri Etxeberria Harri (bateria). Aurretik beste hainbat taldetan ibilitakoak dira Fridays Crew taldeko musikariak, Apunta, Semeputiek eta Korrosion Zerebral taldeetan esaterako.

Lagun artean hasi ziren, "ezer serioa egiteko asmorik gabe", baina azkenean talde itxura hartu, kantuak egin, kontzertuak eman, eta diskoa grabatu dute. Taldearen izena ere hasierako garaietatik hartutakoa dute: "Hasieran ostiraletan bildu eta orduan entseatzen genuen, hortik dator Fridays Crew izena, ostiraletako taldetxoa".

Taldeak lehen Azpeitian Zubizarren entseatzen zuen, baina gaur egun Azkoitian du entseguetarako lokala, Portutxon. Diskoa, berriz, Azpeitiko Landetako Lobo estudioan grabatu dute. Taldekideek ekoitzi dute diskoa, Teletetxo Records disketxearen laguntzarekin. Kantuak hainbat hizkuntzatan sortu dituzte: euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez: "Gaztelaniaz eta ingelesez halaxe etorri zaizkigulako egin ditugu". Lan berria ezagutarazteko dagoeneko hainbat kontzertu lotuta dute.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide