Urolako AAMk "errepresio basatiari" bidea mozteko deia egin die herritarrei

Urola Kostako Hitza 2009ko uzt. 13a, 11:07

Urolako Amnistiaren Aldeko Mugimenduko partaideak, agerraldian.

Datorren igandean, uztailaren 19an, "errepresaliatuen" alde Xoxoten egingo den ekitaldirako deia egin du

Presoen aldeko elkartasuna ez dutela ezabatuko, aldiz, "biderkatu" egingo dela esan dute

Azkoitiko, Azpeitiko, Errezilgo eta Zestoako Amnistiaren Aldeko Mugimenduko kideek modu bateratuan egin dute datorren igandean, hilaren 19an, Xoxote mendian egingo duten ekitaldirako deialdia. "Espainiako Estatuaren izaera ez demokratikoa eta Euskal Herrian bizi dugun gatazka politikoa gainditu eta konponbide demokratikoa gauzatzeko beharrezkoa zaigu errepresio basati honi bidea moztea", adierazi dute.

Urolako AAMaren aburuz, Espainiako eta Frantziako estatuek "errepresio basatia" erabiltzen dute euskal herritarren kontra. Alderdi politikoak legez kanporatzea, atxiloketak eta tortura, egunkarien itxierak, jazarpen poliziala eta "mendekuzko" espetxe politika dira horren adibide AAMko kideentzat.

Euskal presoen kolektiboak azken hilabetetan eraso berriak jaso dituela salatu du AAMk: "Espainiako estatua temati dabil euskal preso politikoen alde milaka herritarrek antolatuta duten elkartasunari eta babesari amaiera eman nahian".

Egoera eskualdean

Gaia eskualdera ekarrita, "errepresioaren hatzaparrek min handia eragin" duela jakinarazi du AAMk: "13 preso politiko ditugu, eta hamarnaka dira bere sorterria utziz ihesean joan behar izan ziren herritarrak", esan dute Urolako presoen aldeko mugimendukoek.

Lan politikoa egiteagatik sei herritar Espainiako Audientzia Nazionaleko epaiketaren zain daudela gogorarazi dute. Bestalde, zigor osoa beteta izan arren espetxean "bahiturik" jarraitzen duen Juan Mari Igarataundi zestoarraren egoera salatu dute. Gogoan izan dituzte "Euskal Herriaren askatasunaren alde bizia galdu zuten" eskualdeko zazpi herritarrak ere.

Presoen aldeko elkartasuna ez dutela ezabatuko, aldiz, "biderkatu" egingo dela esan dute Amnistiaren Aldeko Mugimenduko kideek.

Azpeitiko presoak, deportatuak eta iheslaria

Presoak
- Juan Karlos Arruti. (Paterra) Puerto Santa Maria I (Espainia) kartzelan daukate preso, Azpeititik 1.070 kilometrora. 1989ko irailean atxilotu zuten.
- Gotzon Aranburu. Villenan (Herrialde Katalanak) preso, 760 kilometrora. 2002ko abenduan atxilotu zuten.
- Xabier Etxeberria. (Txapi). 2003ko urtarrilean atxilotu zuten, eta 2009ko maiatzean Espainiaratu egin zuten. Soto del Realean (Espainia) dago preso, 420 kilometrora
- Jabi Agirre. 2003ko urtarrilean atxilotu zuten Frantzian, eta 2008ko abenduaren hasieran Espainiaratu egin zuten. Soto del Realean (Espainia) dago preso, 420 kilometrora.
- Joseba Segurola. Osnyn (Frantzia) preso, 880 kilometrora. 2005eko martxoan atxilotu zuten.
- Iker Iparragirre. Bois D'Arcyn (Frantzia) preso, 910 kilometrora. 2007ko uztailean atxilotu zuten.

Deportatuak
- Inaki Etxarte. Kuban deportatuta.
- Maria Angeles Artola. Venezuelan deportatuta.

Iheslaria
- Juan Manuel Bereziartua. (Pakea)

Askatasunaren weba: www.askatu.org

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide