Etxebeltzeko etxeen egoeraren berri jasotzea onartu du epaitegiak

Urola Kostako Hitza 2009ko uzt. 13a, 11:07

Leku Eder S.A. eraikuntza enpresak egindako eskaera onartu du epaitegiak

"Egoera ezkutatzeak gardentasunak baino alarma gehiago sor dezake", dio epaitegiak

Donostiako Administrazio auzietarako Epaitegiko Lehen Zenbakiak Etxebeltz-Izarrako etxebizitzak zein egoeratan dauden Erregistroan jaso egin behar dela esan du. Leku Eder S.A. eraikuntza enpresak egindako eskaera onartu du, beraz, epaitegiak.

Apirilaren bukaeran epaitegiak eraikuntza enpresaren eskaera atzera bota zuen, eta horri "berri ona" zela iritzi zion Julian Eizmendi alkateak.

Orain, ordea, epaitegiak bestelako erabakia hartu du: ekainaren 26an, Etxebeltz-Izarrako etxebizitzen inguruan babes neurriak hartzeko baimena eman zuen.

Leku Eder eraikuntza enpresaren arabera, Udala neurri horiek hartzearen kontra azaldu zen, "kaltetutako herritarren artean alarma eragingo zuela argudiatuta". Orain, ordea, epaileak autoan kontrakoa jaso du. Honakoa dio hitzez hitz: "Egoera ezkutatzeak gardentasunak baino alarma gehiago sortzen du edo sor lezake".

Proiektua baliogabetuta

Etxebeltzeko proiektuaren inguruan Leku Ederrek hainbat errekurtso du sartuta epaitegietan. Iazko abenduan, Arau Ordezkatzaileen zati baten aldaketa baliogabetu egin zuen EAEko Auzitegi Nagusiak eta, ondorioz, Etxebeltz-Izarrako proiektua ere baliorik gabe gelditu zen. Erabakia, ekonomia-finantza txostena falta zelako hartu zuen epaitegiak.

Hil honetako Udaleko Osoko Bilkuran, Etxebeltzeko babes ofizialeko etxebizitzetako jabeek auziari irtenbidea emateko erabaki bat hartzeko eskatu zuten. Erabakia hartzeko hil honetan Udalbatza berezia deituko zuela hitz eman zuen alkateak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide