Areto futboleko A taldeak Euskal Ligarako txartela lortu du azkenean

Urola Kostako Hitza 2009ko uzt. 13a, 10:07

Mailaz igotzeak aurrekontua ere igotzea dakarrenez, orain "lana gogor" egin beharko dute beharrezko dirua lortzeko

Joko aldetik euren burua "Euskal Ligan aritzeko gai" ikusten dutela adierazi dute

Azpeitiko Areto Futbol Taldeko lehen talde seniorrak Euskal Ligara igotzea lortu du. Izan ere, aurtengoa Gipuzkoako Ohorezko Mailan (Preferentea) egin duen bigarren urtea bazuen ere, bigarren itzuli paregabea egin eta txapeldunorde izatea lortu zuen, igoera faserako sailkatuz.

Igoera faseko partidetan galdu egin zuen, ordea, Azpeitiko areto futboleko A taldeak. Dena den, bigarren aukeraaa izan zuen Bizkaiko eta Arabako txapeldunordeen aurka jokatutako Promozio ligaxkan. Baina horretan ere, ez zuen irabazterik izan; bigarren gelditu ziren, Durangoko Kurutziagak lortu baitzuen Euskal Ligara igotzeko txartela.

Hutsunea betetzen

Hori horrela, azken orduan sortutako hutsune baten zain gelditu zen taldea, oraindik ere kategoriaz igotzeko azken aukera baten zain. Euskal Ligarako izena emateko epea igaro denean, talde batek ez ditu bete eskatzen ziren baldintza ekonomikoak eta beraz, talde horrek utzitako hutsunea bete du Azpeitiko areto futbolelp A taldeak.

Taldea, beraz, datorren denboraldian Euskal Ligan ariko da jokatzen. Bigarren talde seniorra, berriz, Gipuzkoako Hirugarren mailan ariko da.

Baldintza gogorragoak

Euskal Ligaren baldintza ekonomikoak askoz gogorragoak dira, hainbat arlotan bikoiztu egiten baita aurrekontu ekonomikoa; lizentzietan, arbitroetan, izen-emateetan edo isunetan esaterako. Hori dela eta "lana gogor" egin beharko du taldeak beharrezko diru hori lortzeko.

Areto futboleko taldeak ez du babeslerik eta diruaren %15 inguru Udalak ematen die; gainontzekoa herriko taberna, denda eta enpresei eskatuta lortzen dute. Noizbait, jokalariek ere jarri izan dute dirurik taldea aurrera ateratzeko. Horretaz gain, orain arte egin duten bezala, zozketak egiten jarraituko dute, hala egiteko asmoa dute Santo Tomasetan ere. Azken urteotan tabernarien, enpresen edo dendariengandik dirua eskuratzea ere gero eta zailagoa denez "edozein laguntzetara irekiak" daudela adierazi dute.

Joko aldetik, ziurtasunez

Joko aldetik euren burua "Euskal Ligan aritzeko gai" ikusten dutela adierazi du taldeko kide Josemi Benitezek. Eurentzako berria den arren, "maila horretan defendituko" direla dio. Taldea hamar lagunek osatzen dute gaur egun, azpeitiarrak eta azkoitiarrak dira gehienak. Entrenatzaile lanetan taldeko jokalari bat ari da, Jose Delmiro Mendez.

Liga iraileko azken asteburuan hasiko da baina denboraldi aurrekoa abuztuaren 24an hasiko dute.

Entrenatzeko tokia

Udalak eta Urola Ikastolak ikastetxean erdi-estalita dagoen kirol gunea herriaren erabilerarako izango dela hitzartu izana "baliagarria" da areto futboleko taldearentzat: "Geuk entrenatzeko ere nahiko saturatuta baitago kirol-degia". Astean hiru entrenamendu egiten dituzte eta horrela «entrenatzeko kantxa bat edukitzeko aukera gehiago» izango dutela diote.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide