Azpeitiko Gaztetxeak lau urte bete ditu gaur, uztailak 15, eta urteurrena ospatzeko, hainbat ekitaldi antolatu dituzte larunbaterako Gazte Asanbladakoek.
Egun osoko egitaraua prestatuta dute dagoeneko. 11:00etan ekingo diote Urola ibaian baltsa jaitsierari plaza atzetik. 14:00etan, berriz, bazkaria izango da Gaztetxean. Bazkalosterako, 17:00ak aldera, ur jolasak antolatu dituzte eta ondoren, 18:00etan, kalejira egingo dute. 20:30ean pintxo jana eta barra librea izango dira gaztetxean. Gauean musikara txanda izango da: 22:00etatik aurrera Skaiketan eta Fala non caduca taldeek musika kontzertuak eskainiko dituzte.
Bazkarirako eta kontzertuetarako txartel bera izango da. Ikasle eta langabetuek 8 euro ordaindu beharko dituzte eta langileek, berriz, 10 euro.
*Datorren ostiralean, uztailak 17, Gaztetxeko urteurrena dela-eta Gazte Asanbladako Jon Agirre eta Enara Arregiri elkarrizketa digitala egingo diogu uztarria.com-en.