Aurtengo saninazioei hasiera emango dien suziria herriko bi taldeetako kideek botako dute: Baigera Jubilatuen eta Pentsonisten Elkarteko kideek eta Azpeitiko Gaztetxeko ordezkariek. Urtero bezalaxe, hilaren 30ean, San Inazio bezperan, 12:00etan botako dute suziria udaletxeko balkoitik. Behin festari hasiera eman eta abuztuaren 2a bitartean ospatzeko hainbat ekitaldi antolatu du Festa Batzordeak.
Iaz, saninazioetako txupinazoa Miserikordiko Karidadeko mojek, Txolartekoek eta Azpeitiko Odol Emaileetako ordezkariek bota zuten.
Saninazioak hasi aurretik, ordea, hainbat jaiegun izango da herrian. Hilaren 25ean, Santio Egunean Baserritarren Eguna ospatuko da. Egun horretan arratsalderako, Baigerakoek eta Gaztetxekoek ekimen bateratua antolatu dute: kantuan poteoa egingo dute eta bukaera Gaztetxean emango diote erromeria eginez. Hilaren 26an, berriz, Haurren Euskal Festa Eguna izango da eta bertan azken urteetan ohikoa den erraldoien desfilea eta dantza txapelketa izango dira.