Klasikoen Azpeitiko Rallya jokatuko dute larunbatean eta igandean

Urola Kostako Hitza 2009ko uzt. 17a, 11:07

Guztira 37 gidarik eman dute izena

Parte hartuko duten autoen artean, zaharrena 1970. urtekoa da

Lagun Artea eta Sunoco eskuderiek elkarlanean antolatuta Klasiko Deportiboen Azpeitiko V. Rallya izango da bihar eta igandean. Rallyak bi etapa izango ditu, eta guztira 375 kilometro inguru egingo dituzte parte-hartzaileek. Ibilbidea egiteko batez besteko abiadurak 50 kilometro ordukoa baino baxuagoa izan beharko du.

Bihar, 11:00etatik 14:00etara bitartean Rallyan parte hartuko duten autoak epaitegi aurreko aparkalekuan egongo dira. Han azterketa teknikoak pasatu beharko dituzte. Lehen etapa, bihar 16:00etan hasiko dute Azpeitian eta 21:30ean Gabirian izango dira. Han afaldu, eta lehen etapako bigarren zatia hasiko dute 23:30ean. 01:30ak inguruan bukatuko dute lehia, Azpeitian. Bigarren etapa igandean hasiko da 10:30ean, eta 13:30ak inguruan bukatuko dute.

Lasterketan gehienez 60 autok hartu dezakete parte, eta 37 auto gidarik eman dute izena. 1984 urtekoak baino zaharragoak diren autoek hartu dezakete parte lasterketan. Biharko Rallyan irtengo dutenetan urte gehien dituen autoa, 1970. urteko BMW 2002 bat da. Hori, Antonio Campos eta Miguel Angel Muñoiz arabarrek gidatuko dute.

Euskadiko Open Sarirako puntuagarria da auto lasterketa hau.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide