Azpeitiarra? Ez, eskerrik asko!

Intza Odria Esnal 2009ko uzt. 17a, 11:07

Ezin da esan azpeitiarra izateaz harro ez nagoenik, baina bada urteko sasoi bat harrotasun hori urritzen joaten zaidana, ia desagertu arte. Eta sentimendu horrek beste bati lekua uzten diona, lotsari (lotsa hitza erabiliko dut, ez dut inoren sentsibilitaterik mindu nahi, nahiz eta urtero-urtero nirea eta beste askorena mintzen den).

Badatoz saninazioak, eta hauen eskutik festa giroa, parranda, kontzertuak, tiobiboak... eta, nola ez, zezenketak.

Gaur egun oraindik ere ez dut ulertzen animalia bat sufritzen eta torturatzen ikusteak nola zor dezakeen norbaitengan plazer hori.

Eta ez iezadazue esan kultura denik! Hala balitz, bada garaia kultura deritzozuen hori alde batera uzteko. Gauden garaietan ezin gintezke bizi Erdi Aroko ohiturei loturik. Eboluziona dezagun behingoz, eta benetako kulturari utz diezaiogun lekua, honen esanahia baldin badakigu behintzat...

Eta ez iezadazue esan artea denik! Artea museo batean, kaleetan edo, zergatik ez, norberaren etxean topatu genezake, baina inola ere ez zezen plaza batean odolak hondarra ukitzen duen mementoan, "artista" deitzen eta txalotzen dituzuen horiei esker. Kutsatu dezagun herria artez, honen esanahia zein den baldin badakigu behintzat...

Eta ez iezadazue esan zezenketarik ez balego, zezenik ez legokeela. Txikitatik erakutsi didate izaki bizi oro zaindu eta errespetatu beharra dagoela. Errespeta dezagun bada bizitza guztiaren gainetik, errespetua zer den baldin badakigu behintzat...

Baina, aurten ere, herriko kaleeatik burumakur ibili beharko dut hauek estaltzen dituzten zezenketen kartelek paretetik harro begiratzen didaten bitartean, oraingoan ere zentzu ezak partida irabazi duelakoan.

Agian egunen batean harro esango dut azpeitiarra naizela, baina gaur ez da egun hori izango.

Besterik gabe, ondo pasa saninaziyuek!

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide