Olazko eta Zabaletxeko biribilguneak egiteko lanak egiten hasi dira

Urola Kostako Hitza 2009ko uzt. 20a, 11:07

Lehen argazkian, Azpeititik Loiolarako bidean egingo duten biribilgune berriko lanak, Olazko komentuaren aurrean. Bigarrenean, Zabaletxeko biribilgunearen lanak.

Gaur egun dagoen trafikoaren arazoa konpontzeko helburuarekin egingo dituzte

Loiolako errepidea itxi behar dutenetan bide alternatiboetatik bideratuko dute Azpeitia eta Azkoitia bitarteko trafikoa

Herriko hainbat tokitan lur mugimendu handiak egiten hasi dira. Bi biribilgune berri egiteko lanak hasi dituzte egun hauetan, gaur egun dauden trafiko arazoak konpontzeko helburuarekin. Biribilgune bat Zabaletxekoa da; Azpeitiko saihesbidearen lehen zatikoa da hori. Bestea, berriz, Loiolarako bidean hasi dira egiten, Olazko komentuaren aurrean.

Zabaletxe baserriaren aurreko zelaian egiten hasi diren biribilgunea, lehendik Landetan dagoen biribilgunearekin lotuta egongo da; horretarako, beste bi errei gehiago eraikiko dituzte eta, era horretan, bi biribilguneen artean lau erreietako errepidea izango da. Bestalde, biribilgune berritik Larreko industrialderuntz saihesbidea eraikiko dute Atxubiagako biribilgunera arte. Era horretan, Azpeititik Beasainerako errepidearekin bat egingo du.

Urte bukaerarako amaituta

Loiolako etorbidean, Olazko komentuaren aurrean egingo duten biribilgunearekin ere gaur egun dauden trafikoko arazoak konpondu nahi dituzte. Orain, Azpeititik Loiolara bidean dauden beste errepide batzuetako sarrera-irteerak (Olazko bidea, Ikasberri Azpeitiko Ikastolakoa, Azkunekoa...) hobetu nahi dituzte, eta berri batzuetarako ere aukera jarriko dute biribilgune berriaren bidez. Berriak, Etxebeltz-Izarrako eremuan eraikitzen ari diren etxebizitzerako sarrera-irteerak izango dira.

Egiten hasi berri diren biribilgunea urte bukaerarako amaitzeko asmoa dute. Bitartean, Loiolako errepidea itxi behar dutenetan bide alternatiboetatik bideratuko dute Azpeitia eta Azkoitia bitarteko trafikoa.

Artzubia hiribideko lanak

Bestetik, Artzubia hiribidean, zezen plaza ondotik hasi eta ia Garmendipera bitartean, beste biribilgune txiki bat egin eta errepidea hobetzeko lanak egiten ari dira. Horregatik, bide zati hori itxita dago azken asteotan. Lanak hasi zituztenean azaldu zutenez, santioetarako bukatuko dituzte han egin beharrekoak, eta orduan zabalduko dute bidea.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide