Orain dela hilabete pasatxo Xabier Arzalluzek Errenterian emandako hitzaldira joan nintzen, eta EAJko presidente ohia beldur zen gaurko egoeraz, "Euskadin" PSOEren eta PPren esku omen daudelako hedabide gehienak. "Deia, Noticias eta Egin [Gara-z ari zen] geratzen dira", bota zuen. Berria zen hitzaldi hartan zegoen komunikabide bakarra eta Berria izan zen gero haren mintzaldiaren berri eman zuen hedabide bakarra (bide batez, bi Hitza ere bai; kronika eta bideoa), baina euskarazkoa izan Berria, eta euskararen herrian eta, salbuespenak salbuespen, abertzaleentzat ere guk ez dugu existitzen, nonbait (eta, Gipuzkoan gaudela, ez esan Berria-k eta Hitza eskualdeko egunkariek probintzian tirada txikia dutelako gertatzen dela hori, ez baitute txikia, eta Deia, Noticias eta Gara-ren adinakoa edo handiagoa dutelako).
Atzo kafea hartzen X tabernan nintzelarik, Frantziako Tourra Televisión Españolan, eta ondoko mahaiko gizonezkoak: "Le voy a tocar los huevos al camarero. ETB también da el Tour, y le voy a decir que ponga ETB". Ez zion tabernariari deus esan, kataplinik ere ez zion ukitu, hortaz. Gizonezkoa, euskalduna. Seme gaztetxoak euskaraz egiten zion, lagunak ere bai, bera tarteka euskaraz eta ondo, ia beti-beti gazteleraz ari zen.
Geroago leitu nuen Leo Etxeberria zenaren 1974ko esaldi bat Uztarriaren liburuxka biografikoan: "Gurean ere euskarak galtzeko arrisku berdin-berdina du. Ze, ez pentsa, gure bailaran besteetan baino kezka edo kontzientzia zorrotzagorik dugunik. Honela uste izatea, Axularrek zioen bezala, nahikunde soila litzateke eta geurok liluratzeko lobelar nazkagarria. Ibar honetako bulegoetan, merkatarien artean, irakaskuntzan, kultur izenez estalirik dauden zenbait elkartetan eta beste toki gehiagotan, euskara galdurik dadukaten herrien antzera jokatzen da. Pentsa, Azpeitian jokoaharien desafiatzeak eta gainontzeko apustuak ere erderaz idazten direla.
Euskararen normalizazioa termino abstrakto, urrutiko, kontenplatibo, esku-garbitzaile eta hotzaren partez, termino berria proposatzen dut: euskaldunon normalizazioa.
Zer da euskara? Zu, ni, hau, hori, hura....; gu. Euskaldunok. Euskal Herriko anormalok.
Goazen zehaztera, beraz.