Patxi Lopez ez da etorriko saninazioetan

Uztarria.eus 2009ko uzt. 23a, 10:07

Isabel Zelaa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua.

Eusko Jaurlaritzako lehendakaria oporretan izango da, eta ez du ohitura beteko

Isabel Zelaa Hezkuntza sailburuak ordezkatuko du abuztuaren 1eko ekitaldian

San Inazio bigarrenez (abuztuaren 1ean) ohikoa da Eusko Jaurlaritzako lehendakaria Azpeitira etortzea, ekitaldi instituzionalera, baina aurten ez da etorriko gaurko lehendakaria: Patxi Lopez (PSE-EE). Gobernuko iturriek gaur (osteguna) jakinarazi dute oporretan izango dela Lopez hil honen bukaeratik (joan den maiatzaren 5ean izendatu zuten lehendakari), eta ezingo duela herrira etorri.

Jaurlaritzako kontseilari bat izango da haren ordez: Isabel Zelaa Hezkuntza sailburua. Araudiaren arabera, lehendakaria ez dagoenean, lehendakariordeak ordezkatu behar du, baina gaurko Jaurlaritzan ez dago halako posturik, Lopezek erabakita. Araudiak ondoren esaten du gobernuan denbora gehien duen sailburuak ordezkatu behar duela lehendakaria, baina gaurko sailburuek denbora bera daramate karguan, guztiek maiatzaren erdialdera hartu zutelako postua. Ondorengo araua: sailbururik zaharrena izango da ordezkoa, eta Zelaa da zaharrena.

Zelaaren datuak

Bilbon jaio zen Isabel Zelaa, 1949an. PSE-EEko Batzorde Exekutiboko kidea. Filosofian eta Ingeles Filologian lizentziaduna da, Zuzenbidean diplomaduna, eta Hizkuntza eta Ingeles Literaturako katedraduna. Azken hiru legegintzaldietan, Eusko Legebiltzarreko legebiltzarkidea izan da. Eusko Legebiltzarreko sozialisten taldean, hezkuntzarekin loturiko gaien ardura izan du. Hezkuntza eta Kultura Batzordean, sozialisten bozeramailea izan da 1998tik, eta Hezkuntza sailburuordea izan zen Fernando Buesarekin (1991-1995). Justizia, Lan eta Gizarte segurantza saileko zuzendaria izan zen 1995etik 1998ra, Ramon Jauregi sailburu zenean. EGAko titulua dauka.

Orain, euskal curriculumetik Euskal Herria hitza kentzeko asmoa dauka.

Aurreko lehendakariak

Juan Jose Ibarretxe (EAJ) izan da Azpeitira saninazioetan etortzen Jaurlaritzako azkeneko lehendakaria. Ez da beti etorri izan, dena den; kanpoan zen behin, eta Idoia Zenarrutzabeitia orduko lehendakariordea izan zen haren partez.

Lehendakaria goizean goiz herrigunera etorri ohi da eta alkateak hartzen du. Gero Loiolara joaten da, mezatara. Ondoren atzera herrigunera, udaletxera.

Ibarretxeren aurreko lehendakariak —frankismoaz geroztik—, Carlos Garaikoetxea eta Jose Antonio Ardanza izan dira.

Udaletxeko aretoan Lopezen argazkirik ez

Uztarria.com-ek esana duen bezala, Udalak ez du oraindik Jaurlaritzako gaurko lehendakariaren argazkirik jarri udalbatzar aretoan, ohikoa duen bezala. Maiatzaren 5ean hartu zuen Lopezek kargua, Ibarretxeren partez. Udalak pleno aretotik kendu zuen Ibarretxeren irudia, baina Lopezena ez du ipini oraindik.

Patxi Lopez, lehendakari gisa, behin izan da Azpeitian: joan den ekainaren 3an Loiolan, Inazio Uria zenaren aldeko elkarretaratzean. ETAk hil zuen Uria enpresaburua, abenduaren 3an.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide