Azken urteetako lanari jarraipena emanez, aurtengoan ere norbanako eta talde ugari murgildu da buru belarri herriko festak antolatzen. Euren ekarpenik gabe saninazioak ez lirateke berdinak izango. Beraz, antolatzen eta parte hartzen duten guztiei gure eskerrik beroena eman nahi diegu herriko festak hobetzeagatik. Zuei esker saninazio herrikoi, partehartzaileago, euskaldunago eta parekideagoak ditugu aurtengoan ere.
Urte asko pasa dira uztailaren 30ean herri bazkari herrikoi batekin amets egiten zuten gazteak EAJrekin borrokan hasi zirenetik. Oztopo guztiak gaindituta, egun mila laguneko herri bazkaria egiten da, jai giro ezin hobean, eta jaietako ekitaldi jendetsuenetakoa bilakatu da. Jada gazte batek ezin imagina ditzake saninazioak 30eko bazkaririk gabe.
Herriko txosna gunea lortzeko ere hainbat borroka eta lan egin beharra izan zen. EAJren traba eta oztopoak, Ertzaintzaren eskuhartzea... Baina herriko talde ezberdinen inplikazio eta konpromisoak ekarri du txosna eremua gune erreferente izatera. Saninazioei ikaragarrizko ekarpena eginez, egitarau zabala eta zerbitzu ezin hobeak eskaintzen ditu, bai janari, bai musika, bai giroari dagokionez.
Azken urteetan ere izan dira ideia eta ekarpen berriak. Abuztuaren 1ean egiten den rally poteo edota bakailao txapelketa, zezen beltz elkarteak antolatzen dituen entzierro txikiak... Edota santiyo egunez, Baigera eta Gaztetxeko kideek egindako kantu poteo arrakastatsua dira adibide. Aurtengoan bi taldeok izango dira txupinazoa botatzen, eta balio dezala saninaziyo herrikoien alde lan egin duten guztiei errekonozimendu ofizial bat emateko.
Izan ere, saninazio herrikoien bidean antolatzen diren ekimenei herritarren partehartzeak ematen diete babesa. Ekimen guzti horien atzean dagoen lana ez dugu udal ordezkariok egin. Herriko eragile eta norbanako askok musutruk egindako lanaren ondorio dira ekitaldi guzti hauek. Herritik eta herriarentzat antolaturiko ekitaldiak dira, diruarekin ordain ezin daitekeen altxorra. Eta duten arrakasta ikusita, herriko festen etorkizuna saninaziyo herrikoietan dagoela esan genezake.
Urtez urte ematen diren jauziek eta antolatzen diren ekitaldi herrikoien arrakastak ordea, ez dute EAJren jarrera aldatzeko balio izan. EAJk aurtengoan ere, trabak jarri nahi izan dizkie bai aurrez martxan jarritako hainbat ekitaldiri baita aurtengorako sortu diren ideia berriei ere. Baina oztopoak oztopo, egitarau zabala eta irekia osatu da aurtengorako ere. Badago non gozatu, gustu eta sensibilitate desberdinak izanda ere eskaintza zabala dago festetan parte hartzeko. Beraz eta besterik gabe, ondo pasau saninaziyuek!