Denboraldi aurreko sasoia hasi du Lan Mobel ISB-k, "martxa hartzeko"

Urola Kostako Hitza 2009ko ira. 2a, 11:09

LEB Brontze mailara igotzeko kanporaketa jokatu zuen Lan Mobelek iaz.

Saskibaloi taldeak hilaren 13an aurkeztuko du bere burua herritarren aurrean

EBA ligako lehen partida hilaren 19an jokatuko dute

Lan Mobel ISB saskibaloi taldea kantxara itzuli da. Duela 3 aste inguru heldu zioten berriro ere entrenamenduei eta denboraldi aurreko sasoia atzo (asteartea) arratsaldean hasi zuten Donostian, Askatuak taldearen aurkako lagunarteko norgehiagokarekin. Hilabete batzuk pasatu dira LEB Brontze mailara igotzeko ametsa uxatu zenetik. Orain, atsedena hartu ondoren, iaz urratu zuen bide arrakastatsuari jarraipena emango dio.

Partidaz partida

"Entrenamendu saioetan aurrerapauso txikiak ikusten dira, baina xehetasun garrantzitsuenak partidetan antzematen dira". Itzuleraren berri eman du taldeko entrenatzaile Jon Txakartegik. "Orain arte jokalariak oso lan ona egiten ari dira eta egunak aurrera joan ahala, gero eta hobeto gaude. Gure kezka nagusia fisikoki martxa hartzea da une honetan, eta aurredenboraldian jokatuko ditugun partidek lagungarri izango zaizkigu horretarako".

Agenda nahiko estua du Azpeitiko saskibaloi taldeak datozen astetan.EBA ligako lehen partida hilaren 19an jokatuko duen arren, lagunarteko hainbat partida jokatuko du bitartean: hilaren 9an Goierriren aurka; hilaren 10-11n Logroñon (Errioxa, Espainia); hilaren 13an, berriz, herritarren aurrean aurkeztuko du bere burua taldeak, Santurtziren aurkako neurketan. Bestalde, datorren asteburuan Euskadiko Kopa izango du jokoan Gasteizen. Larunbatean L.Eclerc taldea mendean hartuz gero, finala jokatuko luke igandean.

Jokalarien joan-etorria

Partida horiek jokatu ondoren, liga hasierara "puntu-puntuan" iristea espero du Txakartegik. Gainera, taldeak jokalari aldaketa dezente izan badu ere, "iazko blokea" mantendu dutela aditzera eman du entrenatzaileak. Bost jokalarik utzi dute taldea; hau da, Jorge Leonek, Iñigo Arruabarrenak, Ales Arcelusek, Asier Urbietak eta Edgar San Epifaniok. Horien hutsuneak betetze aldera, bi jokalari berrik hitzartu dute Lan Mobel ISB-rekin: Asier de la Iglesiasek eta Edu Ruizek. Printzipioz, taldeak jokalari kopuru gutxiago izango du aurten. Hala eta guztiz ere, elkarteko behe mailetan aritutako jokalariekin indartuko dute lehen taldea

"Jakin badakigu talde lehiakorra dugula, baina pixkanaka-pixkanaka harrobiko jokalari gazteei aukerak eman nahi dizkiegu. Ilusioa izateaz gain, kalitetatea ere badute. Ondorioz, nahiago dugu taldea jokalari gutxiagoz osatzea eta behar dugunean etxeko jendea kontuan hartzea", dio Txakartegik aurten lantaldeari buruz.

"Iaz taldearen jokoa hobetu nahi izan genuen eta gauzak bide onetik joan ziren. Lehenak izan ginen ligan eta igoera jokatu genuen. Aurtengo helburua iaz bezain lehiakorrak izatea da, etxeko partidetan gogor jardutea eta igoera fasea jokatzeko postuetan sailkatzea. Lehen 4 postuetan bukatu nahiko genuke denboraldia, baina listoia oso goian dago!".

Jon Txakartegi (Lan Mobel ISB taldearen entrenatzailea)

"Iaz ligako txapeldunak izan ginenez, orain talde guztiek menderatu egin nahiko gaituzte"

Orain arteko lan metologiarekin jarraitzen du Txakartegi, taldea motibatzeko eta lehen postuetan sailkatzeko

Iaz hartu zuen Lan Mobel ISBko entrenatzaile ardura Jon Txakartegik (Donostia, 1977), eta bere gidaritzapean denboraldi biribila osatu zuen taldeak. Entrenatzaile berriaren eta jokalarien arteko ulermena kantxan islatu zen, baita emaitzetan eta sailkapenean ere. Aurten bigarren urtea du eta denboraldi berriaren aurrean dago, berriro ere hasiera puntuan.

Iazko denboraldian lortutakoa errepikatzeko presiorik sentitzen al duzu?

Jakin badakit iazko martxa jarraituko dugun itxaropena dutela jarraitzeek. Hori ez da berria! Nire helburua taldeak lan txukuna egitea, lehen postuetan sailkatzea eta, nola ez, horretarako motibatzea litzateke. Aurtengo denboraldiak, gainera, motibazio berezia du niretzat. Harrobiko jende gaztearekin lan egitea oso polita izango dela iruditzen zait.

Lan egiteko modua aldatu egin al duzu joan den urtetik hona? Gauza asko al dago zuzentzeko?

Gure lan metodologia iazko bera izango da. Beharbada, iazko denboraldiko gure akats bakarra igoera fasean egin genuen. Izan ere, taldeak zurrunduta eta estututa jokatu zuen. Aurten, igoera fasera iritsiz gero, hori zuzendu beharko dugu. Gainerakoen, sekulako denboraldia osatu genuen.

Aurten entrenatzaile laguntzaile berria duzu: Andoni Lazkano. Zer ekarpen egingo dio taldeari?

Orain arte entrenatzaile laguntzaile lanak betetzen zituen Gabriel Ocioren tokia hartu du Lazkanok. Bera etxekoa da, taldeko ordezkaria izan baizen orain dela bi denboraldi. Lazkanoren lana Ociok egiten zuen bera izango da, nolabait esateko. Niretzat oso inportantea da entrenatzaile laguntzailearen lana; batez ere, entrenamenduetan eta gure aurkarien inguruko xehetasunak aztertzerakoan. Bion artean ahalik eta lan txukunena egiten ahaleginduko gara, Xabier Aranburu prestatzaile fisikoarekin batera.

Iaz erakutsi zenuten mailaren ondotik, aurkariek oso kontuan hartuko zaituztete aurten. Aurten zailagoa izango al da partidak irabaztea?

Bai, hala izango dela pentsatzen dut. Batik bat, aipatutako arrazoi horrengatik. Iazko ligako txapeldunak izan ginen eta ondorioz, orain talde guztiek menderatu egin nahiko gaituzte. Beraz, gure aurka jokatzen dutenean oso ongi prestatuta eta zeharo motibatuta aterako dira jokora. Ez, ez da denboraldi samurra izango.

Horren haritik, EBA liga irabazteko faborito nagusia Lan Mobel ISB izango dela esan al daiteke?

Ez dut uste talde faboritoak garenik! Gure multzoan badaude hiruzpalau talde oso indartsu --Estela, Pas Pielagos eta Zamora, esaterako-- eta hauek sailkapenaren goialdean kokatzeko borroka egingo dute, zalantzarik gabe.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide