Azpeitiko eta inguruetako baserritarrek ostiral arratsaldetan egiten duten azokan ekimen berria jarriko dute martxan. Irailean baserriko produktuekin osatutako otarrak zozkatu zituzten bezeroen artean, eta aste honetatik aurrera erakustaldiak egingo dituzte. Hala, ostiral honetan bertan baba eta artoaren arratsaldea izango da. Azokako baserritarrek bi produktu horien inguruko informazioa emango dute: landatzeko unea, jasotzeko modua eta prozesua azalduko dituzte, besteak beste. Horrez gain, prozesu horren erakustaldi bat ere egingo dute.
Urriaren 22an gazta eta menbrilloarekin gauza bera egingo dute, eta azaroaren 6an gaztainarekin. Erakustaldiak 18:00ak aldera hasiko dira, azoka plaza bertan.
Azken azokako prezioak
Joan den ostiralean, ostiral arratsalderoko Azpeitiko baserritarren azokan bertako produktuek izandako prezioak dira honako hauek. Gaur goizean, berriz, astearteroko azoka izango da Azpeitian.
Produktu berriak
Babarrun gorria: 14-15 euro kiloa
Beste produktuak
Tomatea: 1-3,5 euro kiloa
Letxuga: 0,40-0,60 euro
Ibarrako piperrak: 6 euro kiloa
Loiolako piperrak: 4 euro kiloa
Patata: 1 euro kiloa
Porrua: 1,20 euro sorta
Azalorea: 2-2,5 euro
Kalabaza: 2 euro kiloa
Kipula: 1,5-2 euro
Azelgak: 1-1,5 euro
Azenarioa: 1-1,5 euro
Berenjena: 0,50-0,70 euro
Kalabazina: 1 euro
Eskarola: 0,60 euro
**Azken albistea (urriak 1, 09:06): erakustaldia ez da baba eta artoarena izango, piper pikilloarena baizik. Piperrak nola prestatu erakustaldiak egingo dituzte parrilla eta guzti, eta potean nola sartu ere erakutsiko dute.