I. Garagardo Azoka antolatu dute Bertanek eta Iraurgi Saskibaloi Taldeak

Urola Kostako Hitza 2009ko urr. 2a, 11:10

Amiano, Urbistondo eta Zubizarreta aurkezpenean,a tzo (osteguna).

Urriak 8 eta 11 arteko asteburuan izango da

Bederatzi garagardo desberdin dastatzeko aukera izango da

Datorren urriaren 8tik 11ra Azpeitiko I. Garagardo Azoka izango da azoka plazan. Bertan Merkatari Elkarteak eta Iraurgi Saskibaloi Taldeak antolatu dute festa Udalaren laguntzarekin. Inguruko herrietan garagardo azokak hartzen ari diren sonagatik eta lortutako arrakastagatik animatu dira herrian ere horrelako ekitaldia antolatzera.

Oktoberfest xumea

Garai honetan izaten da Munichen (Alemania), Bavariako hiriburuan, mundu osoan ezaguna den Oktoberfest garagardo festa handia. 200 urteko ibilbidea du jada azoka honek eta urtero sei milioi bisitari inguru izaten ditu. «Alemaniako jaialdi erraldoiaren urrutiko oihartzun bezala, era xumean bada ere» egin nahi dute Azpeitian garagardo festa hau.

Alemania, Irlanda, Herbehereak, Belgika eta Australiako bederatzi zerbeza mota dastatu ahal izango dira eta jatekoa ere izango da, garagardo azoketan ohiko izaten diren bi saltxitxa mota eta txerri-hankak.

. 400 pertsonentzako eserlekuak egongo dira eta agertoki bat ere prestatuko dute giroa alaitzeko taldeek bertan jo dezaten. Alemaniatik disko batzuk ere ekarri dituztela adierazi dute antolatzaileek.

Gainera, igande arratsaldeko 16:00etarako mus txapelketa ere antolatu dute. Bikoteko 20 euro ordaindu beharko da eta izen-ematetik lortzen den diru guztia saritan banatuko da sailkapenaren arabera.

Herri giroa sustatzeko

Bertan Merkatari Elkarteko teknikari Iñigo Amianok adierazi duenez, "herrian giroa sortzeko eta zubi horretan azpeitiarrak herrian gelditzeko" asmoarekin antolatu dute azoka.

Industria eta Merkataritza Saileko zinegotzi Joxe Urbistondok «maila apal batean bederen, aurreneko Garagardo Azoka honek giro jatorra eta alaia jarriko duela» espero du eta herrian antolatzen diren ekitaldiak defendatu ditu "festa giro ezberdinak aberasgarri baitira, komunikazio eta kultur anitzen gune bezala". Horregatik azpeitiarrak eta ingurukoak azoka honetan parte hartzera deitu ditu.

Saskiak utzi eta barra atzera

Iraurgi Saskibaloi Taldeak izango du azokaren ardura handiena. Joan den ekainean Azkoitiko Garagardo festa antolatu zuten Herrixen Azkoitiko Merkatari Elkartearekin batera eta emaitza onak ikusita Azpeitian gauza bera egitea erabaki dute. ISBko lehendakari Jose Luis Zubizarretak adierazi duenez, «babesle kopurua jaisten ari den une hauetan, behartuta gaude lana eginda dirua honelakoetatik ateratzera».

. 100 lagun inguru ariko dira lanean ostegunetik igandera bitartean, "jendea esplotatu gabe" txanda guztiak betetzeko.

Azoka ordutegia

Urriaren 8tik 11ra

Urriak 8, osteguna. 20:30etik gauerdi ingurura egongo da zabalik barra eta sukaldea.

Urriak 9, ostirala. 20:00etatik 02:00ak bitartean zerbitzatuko dute.

Urriak 10, larunbata.

-20:00etatik 02:00etara zabalduko dute azoka.

Urriak 11, igandea.

  • 15:00etan Mus Txapelketako izen-ematea zabalik egongo da.
  • 16:00etan Mus Txapelketa.

-.20:00etatik 02:00etara zabalik egongo dira barra eta sukaldea.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide