Lagun Onak-ek Espainiako Kopako kanporaketako sarrerak astelehenean jarriko ditu saltzen

Urola Kostako Hitza 2009ko urr. 3a, 16:10

Kopako kanporaketa asteazkenean (urriak 7) jokatuko du Alcorcon-en kontra, 19:30ean, Garmendipen

Astelehenean (urriak 5) sarrerak pixka bat merkeago salduko dituzte

Gaur (urriak 3) Amorebietaren kontra Ligako partida du, 17:00etan, Garmendipen

Lagun Onak Futbol Elkarteak Espainiako Kopako hirugarren kanporaketarako sarrerak saltzen jarriko ditu astelehenean (urriak 5), Garmendipen. Hirugarren kanporaketako partida Alcorcon taldearen kontra jokatuko du Lagun Onak-ek, asteazkenean (urriak 7), 19:30ean, Garmendipe futbol zelaian. Alcorcon taldea Lagun Onak baino maila bat gorago ari da jokatzen, Espainiako Bigarren B mailan.

Lagun Onak-ek hirugarren kanporaketa irabaziko balu, maila handiko talde baten kontra jokatzeko aukera izango luke.

Kopako kanporaketako sarrerak astelehenean merkeago eskuratzeko aukera jarri du Lagun Onak-ek. Asteleheneko (urriak 5) prezioak hauek dira: bazkideak harmailetan, 8 euro; bazkideak orokorra, 6 euro; ez bazkideak harmailetan, 10 euro; ez bazkideak orokorra, 8 euro. Asteartean (urriak 6) eta asteazkenean (urriak 7) ere sarrerak saltzen jarriko dituzte, bi egun horietako prezioak hauek dira: bazkideak harmailetan, 10 euro; bazkideak orokorra, 8 euro; ez bazkideak harmailetan, 15 euro; ez bazkideak orokorra, 13 euro. Lagun Onak-eko Ohorezko Bazkideek Espainiako Kopako kanporaketa ikusteko sarrera 3 euro ordaindu beharko dute. 16 urtetik beherakoentzako sarrera doan da.

Gaur, larunbata, Ligako partida Garmendipen

Espainiako Hirugarren mailako Lagun Onak-ek gaur (urriak 3) Ligako partida jokatuko du, 17:00etan, Garmendipen. Amorebietaren kontra jardungo du. Orbegozo azpeitiar jokalariak denboraldi honetan fitxatu du Bizkaiko taldearekin. Orain arte, Lagun Onak-en jokatu du. Beraz, gaur azpeitiarra Amorebietarekin jokatzen ikusteko aukera izango da Garmendipen. Denboraldi honetan dagoeneko bost gol sartu ditu Orbegozok.

Lagun Onak-ekoen zozketak

Espainiako Kopako kanporaketari begira, plasma telebista baten zozketa jarri du martxan Lagun Onak Futbol Elkarteak. Zozketako txartelak bi eurotan jarri dituzte saltzen honako tabernetan: Ametsa, Eguzkitza, Ongi Etorri eta Kiroldegia. Gainera, Espainiako Hirugarren mailako Lagun Onak futbol taldekoek sinatutako baloi baten zozketa egingo dute asteazkenean (urriak 7), Kopako kanporaketako partidaren atsedenean. Baloiaren zozketan parte hartzeko norberaren izen-abizenak paper batean idatzi eta Garmendipen jarriko duten kutxan bota beharko da.

Futbol Eskolako bilera

Lagun Onak Futbol Eskolan izena eman duten neska-mutilen gurasoekin bilera deitu du Lagun Onak Futbol Elkarteak. Bilera, hilaren 13an izango da, 20:00etan, Enparan Dorretxean. Han, eskolaren funtzionamenduaren eta programaren berri emango dute.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide