Azpeitiarrik ez txapelketa nagusian

Uztarria.eus 2009ko urr. 3a, 18:10

Gaur hasiko da Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa, eta ez da izango azpeitiar bertsolaririk; herriko gai-jartzaile eta epailerik ere ez, eta saiorik ez da egingo Azpeitian

Duela lau urte Jokin Uranga finaletik puntu bakarrera geratu zen, baina 2007an Gipuzkoakoan ez zuen txapelketa nagusiko txartela lortu

Ez azpeitiar bertsolaririk, ez gai-jartzailerik, ez epailerik, ez saiorik Azpeitian. Gaur (larunbata) hasiko da Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa —Zestoan—, eta Azpeitiak ez du presentziarik izango. Jarraitzaileak, hori bai.

Jokin Uranga 2005ean txapelketa nagusiko finaletik puntu bakarrera geratu zen ("jendearen aldetik oso baloratua sentitu naiz txapelketa honetan", zioen), baina duela bi urte Gipuzkoako Txapelketan ez zen finalerdietara heldu eta, ondorioz, aurtengo Euskal Herrikotik kanpo geratu zen.

2001eko txapelketa nagusian ere ez zen azpeitiar bertsolaririk izan. Ezohikoa zen hori orduan (ikus Azpeitiarrak, ohikoak txapelketan eta finalean. Etenaren ondorioa)

Xebaxtian Lizaso 1997ko finalean izan zen (hirugarren egin zuen), baina amaiera iragarri zuen. "Txapelketako nire garaia bukatu da, orain ez baitut lehengo ilusio hori", esan zuen 2001eko urriko Uztarria aldizkarian, eta ez zuen parte hartu 2001ekoan.

2009ko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako webgune ofiziala, hemen

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide