Sari uzta ederrarekin itzuli ziren Azpeitiko baserritarrak joan den larunbatean (urriak 3) Tolosan egin zen Gipuzkoako XL. Abelgorri Lehiaketatik.
Pirenaika, blonda eta limousin arrazetako abelgorriak saritu zituzten Tolosan, bakoitza bere kategoriaren barruan. Zortzi sari eskuratu zituzten Azpeitiko ordezkariek, guztiak blonda arrazari zegokion lehiaketan. Hamar sari banatu zituzten guztira aipatutako lehiaketan, eta bi ez beste guztiek Azpeitirako bidea hartu zuten.
Eizmendi, Agite eta Gaztelu baserrietako abelgorrientzat izan ziren zortzi sariak. Eizmendi baserriko abelgorriek lau sari eskuratu zituzten, hiru Agitekoek, eta bat Gaztelukoentzat izan zen. Hau da Azpeitikoen sarien zerrenda:
- 12 eta 14 hilabete bitarteko bigak: Lehen saria Eizmendi baserriko Diana-rentzat. Bigarren saria, Agite baserriko Celeste-rentzat.
- 2 eta 3 urte bitarteko bigak: Lehen saria Agite baserriko Carla-rentzat. Bigarren saria Eizmendi baserriko Clara-rentzat.
- 3 eta 4 urte eta erditik gorako behiak: Lehen saria Eizmendi baserriko Ane-rentzat.
- 4 urte eta erditik gorako behiak: Lehen saria Gaztelu baserriko Saioa-rentzat. Bigarren saria Agite baserriko Sanoki-rentzat.
- Aberekin saria: Eizmendi baserriko Ane-rentzat.