Eta gaurkoa irabaziz gero...

Urola Kostako Hitza 2009ko urr. 7a, 11:10

Jarraitzaileak Garmendipen, aurreko partida batean.

Espainiako Kopako hirugarren kanporaketa jokatuko du gaur Lagun Onak-ek, Alcorconen kontra, Garmendipen (19:30)

Irabaziz gero, Bartzelona, Real Madril, Atletico Madril, Valentzia, Vila-real, Athletic edo Sevillaren aurka ariko da hurrena

Uztarria.com-ek zuzenean jarraituko du partida

Hirugarren kanporaketa du. Espainiako Kopako hirugarrena da gaur Lagun Onak-eko lehen taldeak jokatuko duena. Kopako hirugarren kanporaketa jokatuko duen euskal talde bakarra da. Espainiako Hirugarren mailan ari da Lagun Onak. Gaur (asteazkena) aurkari izango duen Alcorcon taldea, berriz, maila bat gorago: Espainiako Bigarren B Mailan. Partida bakarrean erabakiko da aurrera egiteko aukera. Etxean egokitu zaio jokatzea Lagun Onak-i, Garmendipen. Alde horretatik, "gustura" daude. 19:30ean hasiko da futbol partida.

Eta, irabaziz gero, zer?... Irabaziz gero, Espainiako Kopako laugarren kanporaketan maila handiko futbol talde baten aurka aritzeko aukera izango luke Azpeitiko taldeak. Europa mailako talde baten aurka aritzeko aukera izango luke: Bartzelona, Real Madril, Atletico Madril, Valentzia, Vila-real, Athletic edo Sevillaren aurka. Beraz, irabaziz gero sari ederra azpeitiarrentzat.

Ilusio handiarekin

Saria ederra da, "baina aurretik irabazi egin behar da", dio Lagun Onak-eko entrenatzaile Aitor Zulaikak. "Ilusio handiarekin jokatuko dugu Alcorcon-en kontrako partida, baina partida gogorra da", esan du Zulaikak. Lagun Onak-eko jokalari Josu Aranburu ere bat dator: "Ilusio galanta daukagu, eta irabazten badugu sari ederra jasoko dugu". Baina, garaipena lortzea ez dute erraza, "zaila izango dugu partida hau irabaztea, baina gu saiatuko gara, kanpo txikian da partida, eta dena emango dugu".

Gaurko partidarako, "pertsonalki lasai" dagoela dio Aranburuk, "baina gazteagoek ere jokatzen dute taldean, eta agian haiek urduri egongo dira".

Udaleko Kirol zinegotzi Julian Kortajarenaren esanetan, gaur Garmendipera joan beharra dago Lagun Onak animatzera. "Hirugarren hau ere irabazi beharra dago. Irabaziz gero, sari handia lortuko litzateke, Europa mailako talde baten aurka aritzeko aukera izango bailuke Lagun Onak-ek". Aitor Zulaikaren esanetan, "futbol zelaitik kanpo festa izango da, eta futbol taldekoon helburua festa hori luzatzea da. Baina, guk, zelai barruan futbol partidan pentsatzen egon beharra dugu".

Espainiako Kopako aurreko bi kanporaketetan jende asko bildu da Garmendipen. Gaur ere hala izango delakoan daude Lagun Onak Futbol Klubekoak. "Larunbatean hasi ginen sarrerak saltzen eta dezente saldu dira orainarte", zioten herenegun iluntzean. Aranburuk dioenez, kalean ere jende askok galdetzen diote gaurko partidari buruz: "Jendeak ilusioa du eta kalean askok galdetzen digute. Uste dut, sekula futbola ikusi ez duena ere etorriko dela orain Garmendipera".

Garmendipeko giroa berotzeko Lagun Onak-eko lehen taldekoek sinatutako baloi bat zozkatuko dute haurren artean, gaurko partidaren atsedenaldian. Aurretik, haurren artean zozketan parte hartzeko txartelak banatuko dituzte. Horrez gainera, plasma telebista bat zozkatuko dute futbol klubekoek. Bestalde, gaur Lagun Onak-eko materiala saltzeko postu bat jarriko dute Garmendipen bertan.

Aukeren inguruan

"Lagun Onak-ek aukera badu aurrera egiteko; aurreko bi kanporaketetan Espainiako Bigarren B mailako bi talde kanporatu ditu Lagun Onak-ek. Alde horretatik, talde honen aurka irabazteko aukera badago", dio Hodei Mendinuetak. Garai batean Lagun Onak-eko lehen taldean jokatutakoa da Hodei Mendinueta , eta gaur egun Espainiako Bigarren mailako Real Union taldean dabil. "Askotan, goragoko talde baten kontra jokatzen denean tentsio, urduritasun edo konfiantza falta gehiago izaten da. Baina, Lagun Onak-ek aurretik maila handiagoko bi talde kanporatu ditu, eta hirugarrengo hau ere besteen mailan ari da", dio Mendinuetak. Josu Aranbururen esanetan, "Alcorcon Bigarren B mailakoa da, baina aurreko bi aurkarien aldean [Izarra eta Cerro de Reyes] talde hau Bigarren mailara begira aritzen da. Hau da, beste biak Bigarren B-ra igo berriak dira, eta Alcorconek joan den denboraldian Bigarren mailarako Igoera Fasea jokatu zuen".

Hain justu, Alcorconek Bigarren mailara igotzeko aukera Real Unionen kontra galdu zuen. "Niri berezia egiten zait Lagun Onak-en eta Alcorconen arteko partida. Guk, justu, Alcorconen kontra lortu genuen igotzea, eta polita izango litzateke Gipuzkoan berriro zerbait galtzen duela ikustea. Bestela ez diet ezer txarrik opa, baina horrela Lagun Onak aurrera egitea lortuko luke", dio Mendinuetak.

Real Unioneko jokalari Jagoba Beobidek eta Hodei Mendinuetak gaur Garmendipera joateko asmoa dute: "Entrenamendua dugu, baina badugu Garmendipera joateko asmoa. Ea bigarren zatira iristen garen. Poza ematen du Lagun Onak maila horretan ikusteak. Ea Kopan Igoera Fasean gelditutako arantza kentzea lortzen duten.Europa mailako talde bat Garmendipera ekartzea oso polita izango litzateke".

Saria hortxe dago, baina ikusi egin behar gaur arratsaldean zer gertatzen den.

ESPAINIAKO KOPAKO KANPORAKETA

Hirugarren kanporaketa: Lagun Onak-Alcorcon. Partida bakarrera.

Eguna eta ordua: Gaur, 19:30ean.

Lekua: Azpeitiko Garmendipe futbol zelaian.

Sarreren prezioak:

  • Bazkideak harmailetan: 10 euro.
  • Bazkide ez direnak harmailetan: 15 euro.
  • Bazkideak orokorra: 8 euro.
  • Bazkide ez direnak orokorra: 13 euro.
  • Ohorezko Bazkideak: 3 euro.
  • 16 urtetik beherakoak: doan.

Lagun Onak-ek jokatutako aurreko kanporaketak

Lagun Onak- Izarra, 2-1.

Lagun Onak- Cerro de Reyes, 2-1.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide