Gipuzkoako Batzar Nagusiek Azpeitiko Udala babestu eta euskararen ordenantzaren kontrako epaiak arbuiatu dituzte

Uztarria.eus 2009ko urr. 7a, 20:10

Talde Mistoak, Eusko Abertzaleak eta Alkarbide taldeek aurkeztutako ebazpena onartu dute

Ebazpenak lau puntu ditu eta puntuz puntu egin dute bozketa; sozialistek eta popularrek bakarrari eman diote baiezkoa, beste hiruetan kontra bozkatuz

Espainiako Auzitegi Gorenaren epaiak joan den ekainean Azpeitiko euskararen ordenantza indargabetzea berretsi ondoren, Gipuzkoako Batzar Nagusiek Azpeitiko Udalari babesa agertuz eta auzi honetan eman diren epaiak arbuiatuz ebazpena onartu du gaur, urriak 10, osoko bilkuran.

Talde Mistoak, Eusko Abertzaleak (EAJ) eta Alkarbide (Hamaikabat) taldeek adostuta aurkeztu duten ebazpenak lau puntu hauek jasotzen ditu:

  1. Azpeitiko Udalean eta Udalerrian Euskararen Erabileraren Sustapena eta Normalizazioa Bermatzea Helburu duen Udal-ordenantza izenekoa EAEko bi hizkuntza ofizialak udal mailan arautzeko ordenantza eredugarria dela, euskararen normalizazioaren alde tinko eta eraginkortasunez egiteaz aparte, herritarrek bi hizkuntza ofizialetako edozeinetan aritzeko duten eskubidea bermatzen duelako.
  2. Udalek badutela beren lurralde eta jarduera-eremuan hizkuntza-politikako arauak eta ordenantzak ezartzeko beharra eta eskubidea, beti ere EAEko hizkuntza politikako eskumenen barruan.
  3. Azpeitiko Udalari elkartasuna adierazten diote eta babesa eta laguntza eskaintzen dizkiote auzi honetan ematea erabakitzen dituen urratsetan.
  4. Arbuiatu egiten ditu auzi honetan EAEko Epaitegi Nagusiak zein Tribunal Gorenak hartu duten erabakia eta euskararen izaera ofizialarekiko duten ikuspegi hertsia eta mugatzailea.

Ebazpena puntuz puntu bozkatu dute. PSE-EE eta PP alderdietako ordezkariek ezik, gainontzeko talde guztiek aldeko bozak eman dituzte puntu guztietan. Talde sozialistak eta talde popularrak ezezkoa eman diete hiru punturi; bigarrenari bakarrik eman diote aldeko botoa.

2005eko abenduaren 1ean onartu zituen Azpeitiko Udalak, ahobatez, Udalean zein udalerrian euskararen erabilera sustatzeko ordenantzak; orduan udal ordezkaritza zuten PP eta PSE-EEko zinegotziek aldeko botoa eman zuten.

Gipuzkoako Batzar Nagusien gaurko erabakiaren gaineko informazio gehiago: www.erabili.com

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide