Bukatu da Kopako ametsa

Uztarria.eus 2009ko urr. 7a, 23:10

Gaurko partida bukatu deneko irudia.

Alcorconek 1-2 irabazi dio Lagun Onak-i Garmendipen; madrildarrek eskuratu dute hurrengo kanporaketarako txartela

Giro bikaina Garmendipen; 2.500 ikusle inguru elkartu dira azpeitiarrak animatzera

Zaletuek merezitako txalo zaparradarekin agurtu dute Aitor Zulaikaren taldea

Lagun Onakek agur esan dio Espainiako Kopako laugarren kanporaketara iristeko ametsari, Alcorcon Madrilgo taldeak 1-2 irabazi duelako Garmendipen, Azpeitikoak kanporatuz.

Ondorioz, ez Bartzelona, ez Real Madril, ez Athletic, ez Atletico Madril, ez Vila-real, ez Sevilla eta ez Deportivo ezingo dituzte Garmendipen ikusi Azpeitiko zaletuek Kopan. Hala ere, jarraitzaileek badakite Lagun Onakek aurten txapelketa honetan egin duenak meritu handia daukala, eta horrelaxe aitortu diete jokalariei, partida amaieran ahalegina txalo zaparrada handi batekin eskertuz.

Bastidak penaltiz 19. minutuan sartutako golarekin irabazten jarri arren, Lagun Onakek ez du lortu atsedenaldira emaitza horrekin iristea. Bi minututan, partidaren norabidea asko aldatu da: 38.ean Arrue bakar-bakarrik iritsi da Alcorconen areara, kanpokoen defentsaren huts handi bati esker, baina berak jaurti beharrean erdira pasatzea erabaki du, eta han ez zuen inor errematerako; bi minutu eta gero lortu dute Madrilgoek berdinketa, 40.ean.

Lehen zatia parekatua izan da, Lagun Onak ondo ibili da. Baina atsedenaldiaren ondoren, Alcorconek talde ona dela erakutsi du eta erabat nagusitu da bigarrenaren hasieran; batik bat, lehen ordu laurdenean. Hor lortu du gerora erabakigarria izan den abantaila, 1-2koa, 57.ean. Lagun Onakek pixkanaka aurrera egin du eta Alcorconen area inguratzen amaitu du neurketa, baina aukera garbi-garbirik gabe.

Ikusmin handia eragin du neurketak, eta horren lekuko da herriko futbol zelaian elkartu den jendetza: 2.500 lagun, eta ia denak etxekoak animatzen. Giro bikaina.

Unerik esanguratsuenak

  • 13. minutuan, 0-0 markagailuan. Partida parekatua doa.
  • 19. minutuan penaltia, Lagun Onaken alde. Bastidak gola. 1-0 irabazten etxeko taldea.
  • 33. minutuan Josu Aranbururi txartel horia.
  • 34. minutuan Alcorconekoek aukera paregabea galdu dute; arearen eskuinaldetik jaurtitako falta inork ez du errematatu baina gutxigatik joan da baloia kanpora.
  • 38. minutuan Alcorconeko defentsaren hutsegitea aprobetxatuz Arrue bakar-bakarrik geratu da atearen aurrean, baina ez du aukera aprobetxatu.
  • 40. minutuan Alcorconeko Borjak gola sartu du. Buruz eskuadratik, kornerra errematatuz, gol bikaina. 1-1.
  • Atsedenean, 45. minutuan, bana berdinduta.
  • 53. minutuan Lagun Onak-en aldaketa: Bastida kanpora eta Santesteban zelaira.
  • 57. minutuan Alcorconeko Morak gola sartu du. Lagun Onak 1-2 galtzen. Etxeko taldea gaizki ari da pasatzen, Alcorcon nagusitzen ari zaiolako.
  • 64. minutuan, aldaketa Lagun Onak-en: Arrue kanpora eta Ortega zelaira.
  • 65. minutuan, aldaketa Alcorconen: Ernesto kanpora eta Yeremy zelaira.
  • 68. minutuan, txartel horia Alcorconeko Fernando Bejarri.
  • 69. minutuan, Lagun Onak-ek falta bat atera, Santestebanek baloia buruz ondo jo eta gutxigatik kanpora joan da. Etxeko zaletuak urduri jartzen hasi dira. Lagun Onak pixka bat pizten hasi da, Alcorconen nagusitasuna ez da lehen bestekoa. Futbol zelaiko bozgorailuetatik Lagun Onak animatzeko eskatzen ari dira zaletuei.
  • 75. minutuan, Alcorconeko Yeremy bakar-bakarrik iritsi da arearaino, bazituen taldekideak ezkerraldean, baina Yeremyk berak jaurtitzea erabakitu du, eta Lagun Onak-eko atezain Imanolek oso ondo kendu dio baloia.
  • 77. minutuan, Alcorconen aldaketa: Mario Gomez kanpora eta Ruben zelaira.
  • 78. minutuan, Lagun Onak-ek jokaldi polita, azkenean Altolagirrek ezkerretik erdiratu du, baina baloia atezainaren eskuetara joan da.
  • 79. minutuan, Lagun Onak-en aldaketa: Altolagirre kanpora eta Iban zelaira.
  • 86. minutuan, Alcorconen aldaketa: Fernando Bejar kanpora eta Iñigo Lopez zelaira.

Hamaikakoak

Lagun Onak. Imanol, Azkoiti, Tena, Beñat, Unai, Saizar, Luluaga, Aranburu, Bastida, Altolagirre eta Arrue. (Ordezkoak: Iban, Tejera, Santesteban, Ortega eta Blanco).

Alcorcon. Juanma, Mario Gomez, Bermudez, Gomez, Ruben Sanz, Mora, Ernesto, Gascon, Fernando Bejar, Borja eta Nagore. (Ordezkoak: Moreno, Eladio, Ruben, Iñigo Lopez eta Yeremy).

Lagun Onak-en aurreko kanporaketak

  • Lagun Onak-Izarra 2-1.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide